GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Musika existitzeko plazera

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Kulturen banalizazioaren ekimenak betidanik gertatu dira, gizarte guztietan, bueno gizartea zatituta egon ez den tokietan salbu (yanomami, tupi-guarani eta beste gizarte gutxi batzuk). Gizarte bakoitzak bere Gobernua izan du eta gobernu guztien politika (kultura barne) zapalkuntzaren gainean eraikitakoa da. Politika profesionala, instituzio eta erakundeen politika zapalkuntzaren politika da. Kulturaren atalari hori gertatzen zaio. Ezer baino lehenago zapaldu egiten da eta gero, agian, galdetu. Galdera horiek soberan daude jipoia emanda dagoenean. Munduko enpresa kultural multinazionalak erabat aberastu dira, izugarrizko trust kultural kapitalistak garatu dituzte gobernu eta estatuen laguntza eta oniritziarekin. Enpresa horiek esan digute zer-nolako kultura «kontsumitu» behar dugun eurek ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko. Multinazional horiek asmatu dute mundu digitala, eta lepoa diruz bete dute. Antzinako dirutzarik ez duenez ematen diskoen salmentak, beste zerbait bultzatu dute: orain kulturaren defentsan datoz, otsoa ardi-larruz. Defendatzen dutena zapalketaren kultura baino ez da. Gobernuek kultura inozo, huts eta hutsalaren defentsa egin dute gu inozo, huts eta hutsal bihurtzeko. Pentsaera kritikotik hori deuseztatu behar dugu. Zein da kultura? Zein da musika? Zein izan daiteke benetako musika edo kultura? Kristautasunaren ondorengo kultura laikoak emango digu kulturaren bide posibleetako bat. Mendebaldeko kristautasunaren hiztegia, hizkuntza, hitza eraldatu egin behar ditugu, ahalik eta azkarren, kultura kasta horri aurre eginez eta kultura askearen oinarrietara urratsak emanez. Euskal kulturari oraindik ez diogu kendu kristau edukiontzirik, ezta edukia bera ere. Zer izan garen eta zer izan dugun jakitea ongi dago, baina ez dugu inbentario etiko, politiko, metafisiko eta ontologikoa zehazteko beharrik. Euskal kulturaren zer gorde beharko genuke? Euskal kulturaren inbentarioan, agian, gauza asko soberan izango genituzke? Zergatik gorde? Zer apurtu, deuseztatu, ahaztu, atzean utzi, mantendu, metatu, sailkatu eta egokitu? Euskal Herri asko ditugu. Euskal kulturaren oinarri izateko, zein irizpide erabiliko dugu? Zein da baliagarritasuna? Kulturak, hasteko, fikzioari eta fabulei aurre egin behar die eta kulturaren filosofiara joan edo filosofiaren kulturara baldin eta gurasokeria guztietatik libre badago. Edozein kulturak, musikak edo filosofiak Estatua babestu eta legezkoa egiten duenean, kulturak eta gainontzekoek berea egin dute. Michel Onfrayk esango lukeen bezala, gizabanako edo komunitateen aukerak sortu trankiltasun eraginkorrarekin benetako ataraxiara iristeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo