GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria

Urrats ñimiño bat...

Ulertu nahi ez dena hauxe da: ekonomian bi sektore nagusi daude, FIRE (Finance, Insurance and Real Estate) sektorea eta ekonomia erreala, eta lehenak bigarrena irentsi du

Obama-ren iritziz, (a) Wall Street beharrezkoa da ekonomia bigarren depresio batean ez erortzeko, (b) orain finantza-sistema osasuntsuagoa da, (c) Volcker araua erabili behar da, alegia, kontua litzateke Gobernuak «babesten» dituen finantza erakundeek ez sortzea beren estaldura fondoak eta enpresa pribatuak (jakina denez, finantza-erakunde erraldoi horien garrasiak nonahi entzun dira).

Hala ere, proposamen horrek islatzen duenari begiratuz, badirudi Obamak ez duela ulertzen krisiaren muina. Hara, Randall Wray-ren ustez zein den funtsa:

(1) Finantza-oparia (20x10 dolar baino gehiago) ez zen beharrezkoa, eta ez luke ezer egingo beste atzeraldi ekonomiko bat alboratzeko. Likidezia-krisia bide normaletik konpon zitekeen, FED-ek inolako mugarik gabe eta instituzio guztiei kredituak mailegatuz. Oraindik ere bankuak insolbente edo kaudimengabeak dira. Baldin eta banku kaudimengabeak bere horretan uztea nahi bazen, egin behar zen bakarra pazientzia edukitzea zen, ez opariak ematea.

(2) Eta orduan, gailurreko 20 bankuak (nahasketa guztiaren erantzuleak) itxi egin behar ziren, itxierak ekonomian inolako eraginik izan gabe. Lagundu dezakeen gauza bakarra pizgarri fiskala zen, baina Obamak ez zuen inolako aukerarik jende guztiarentzako (ez soilik Wall Streeterako) diru gehiago eskatzeko, diru hori erabil dezaten.

(3) Finantza-sistema ez da osasuntsuagoa gaur egun, are arriskutsuagoa baizik. Krisiaren aurka, sektorea sendotu da erakunde erraldoi kaudimengabe eta arriskutsuen esku utzita. Harrapari-instituzio horiek guztiak (Goldman, JP Morgan, Citi, Chase eta Bank of America) itxita egon behar ziren.

(4) Lobbystak arazo bat dira. Zer espero daiteke Wall Streeten eta Administrazioaren artean atea irekita uzten baldin bada? Irtenbide bakarra dago: finantza sektoreko enplegatuei debekatzea Gobernuan enplegatuak izatea (baita aholkulari gisa ere) eta gobernu enplegatuei debekatzea Wall Streeteko edozein erakundetan lan egitea.

(5) Ez da nahikoa Volcker araua bankuei aplikatzea. FED edo/eta FDIC-ren (Federal Deposit Insurance Corporation) informazioa duen edozein erakunderi debekatu behar zaio inolako merkataritza-mota egitea. Mailegatu behar dituzte, tituluak erosi eta gero beraiei eutsi (salbuespen bat izan daiteke gobernu-zorra). Haien aktiboak arrisku-estandarraren pean egon beharko lirateke. Arrisku guztiei aurre egin behar diete, ez aktiboak saldu. Estaldura arriskuak, via deribatibak, debekatuta egon beharko lirateke. Gainera, beren buruak babesteko, «aseguru»-kredituak erostea debekatzea, baita ekitate-merkatuetan parte hartzea ere. Hori guztia onartzen ez duena finantza-erakunde ez-babestua izango litzateke.

(6) Iruzurra handitu da 2008ko krisitik. Iruzur masiboa da eta ikertu egin behar da. Iruzur-erakundeak itxi egin behar dira. Lehendabizi kudeatzaileak kaleratu behar dira, hots, bota behar dira, eta gero ikertu.

Hortaz, Obamak emandako urratsa oso txikia da. Jakina da erreforma sendoagoa egiteko aparteko oztopoak daudela, hasi politikariekin, segi ekonomialariekin eta prentsarekin eta finantzako «ingeniaritza ideologikoarekin» bukatu (jendeari aktibo-prezioko inflazioa onartzeko esan diona).

Hona, berriz, Wrayren ustez, zer egin beharko litzatekeen: a) Banku kaudimengabeak itxi. b) Finantza-erakundeak salbatzeak ez du ekonomia salbatzen, hortaz, beste finantza-krak bat saihestezina da. Beraz, finantza-sistema murriztu behar da. c) Gobernuak arlo publikoan gehiago gastatu behar du. d) Gobernu-finantza ulertzen duen talde ekonomiko bat beharrezkoa da, bestela ekonomia beste depresio handi batean sar liteke.

Michael Hudson-ek ere ildo beretik Obamaren proposamena kritikatu du (www.counterpunch.org/hudson01252010.html, zeren bankuen mailegatzea kontrolatzen ez bada, zorra areagotuko baita, kreditua finantza ekonomiara joanez eta ez ekonomia errealera. Ondorioz, Wall Street are aberatsago bilakatuko da, AEBetako jendearen kalterako. Izan ere, Hudsonen ustez (www.counterpunch.org/hudson01262010.html), aktibo-prezioko inflazioak (FIRE sektoreari luzatutako kredituek sortzen dutenak) burbuila ekonomia berriz ere martxan jarriko du, ekonomia errealaren kalterako. Obamak uste du ekonomia suspertzeko, lehendabizi Wall Street-eko aktiboak suspertu behar direla. Baina horrek zor handiagoa suposatzen du, ekonomia errealetik etor daitezkeen errentekin ordaintzea ezinezko den zorra. Hortaz, berriz, burbuilaren leherketaren arriskuan egon daiteke. AEBetako barne produktu gordina igotzen ari da FIRE (Finance, Insurance and Real Estate) sektorerako, ez ekonomia errealerako.

Ulertu nahi ez dena hauxe da: ekonomian bi sektore nagusi daude, FIRE sektorea eta ekonomia erreala, eta lehenak bigarrena irentsi du. AEBetako ekonomia zor deflazioan dago. Bankuek, haien estrategia kontrolatzen ez bada, atzerrian inbertituko dute (dolarraren aurka ari diren moneta «sendoetako» herrialdeetan), ez barneko produkzioa areagotzeko. Wall Street-erako «ona» dena ez da ona ekonomiarako. Goraipatzen den susperraldiak ordaindu behar den zorraren susperraldia esan nahi du. Zorra langileek eta jende arruntak ordainduko dute, ez bankuek.

Arautze finantzarioa, aktibo prezioen analisiak, kredituen fluxuak kontuan eduki behar dira gaur egun edozein politika monetarioa inplementatzerakoan, autore batzuek jadanik proposatu duten bezala (www. ft.com/cms/s/0/547d2fd8-c977-11de-a071-00144feabdc0.html ?nclick_check=1 eta www. nbp.com.pl/konferencje/October2004/Mowcy/borio/borio1.pdf). Bestela jai. Okerrago, bestela, beste finantza-burbuila bat puztea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo