Prefetak gutunak igorri dizkie auzapezei Bateraren «kontsulta oztopatzeko»
Ipar Euskal Herriko auzapezek Pirinio Atlantikoetako prefetaren gutunak jaso dituzte. Horren bidez Batera plataformak Euskal Departamenduaren inguruan egin nahi duen kontsulta sostenga ez dezaten eskatu die. Helburu horrekin legediari errepaso egin eta antolaketan parte hartzen dutenek jaso ditzaketen zigorrez mintzo da. Baterako kideek ekimenak hartu duen indarra zapuzteko asmoa dagoela uste dute eta inolako oinarri juridikorik ez duela nabarmendu.
M. EIZMENDI
Philippe Rey, Pirinio Atlantikoetako prefetak Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko udaletara gutunak igorri ditu auzapez eta hautetsiei, Baterak egitura instituzional propio baten beharraren gainean antolatu nahi duen kontsulta sostenga ez dezaten.
Gutunak pasa den urtarrilaren 22ko data dut, eta bertan, «Estatuaren Departamenduko ordezkari gisa», eskatzen die kontsulta horren antolaketan ez parte hartzeko, ezta edozein modutan laguntzeko ere, «ez dadin martxoaren 14ko eta 21eko erregio hauteskundeetan sufragio unibertsalaren adierazpena zapuztu».
Halaber, gutunaren azken pasartean kontsultaren antolatzaileak zigortuak izan daitezkeela ere gaineratzen du.
Baterako kide Jakes Bortairuk GARAri adierazi dion moduan, gutun horiek auzapezei helaraziz, prefetak «nahasmendua eta beldurra» eragin nahi du kontsultaren inguruan. «Legediak zer dioen gogora ekartzen du, baina egiten duen moduan nahasketa sortzen du», nabarmendu du Bortairuk. «Gutunean prefetak erraten du kontsulta ez dela legezkoa eta guk ez dugu erran inoiz legezkoa zenik», gaineratu du, azalduz ez dela «legez araututako kontsulta bat, herritar batzuek antolatutako galdeketa bat baizik», baina hala eta guztiz ere, «ezin da esan legez kanpokoa denik».
Gutunaren bigarren zatia da, ordea, Baterako kidearen esanetan, larriena, «mehatxuka ari baita inolako oinarririk gabe». «Eskatzen die auzapezei -jarraitu du Bortairuk- ez laguntzeko teknikoki eta ez du inolako oinarri juridikorik hori eskatzeko».
Antolaketa lanetan ari direnek jaso ditzaketen zigorren gainean Baterako kideak zehaztu du gutunak espresuki dioela zigorrak ezar daitezkeela, betiere, «baldin eta ordenu publikoaren aurka egiten bada».
Bortairuren iritziz, gutun hauek auzapez batzuk gibeleraraztea dute helburu, nahiz eta «orain arte mespretxuz tratatu izan duten» Bateraren ekimena. Gogoan izan du, zentzu horretan, pasa den urtarrilaren 9an, Baionako suprefeturan, auzapezei ez zietela harrerarik egin bildutako 32.000 herritarren izenpedurak eramatera joan zirenean, eta geroztik ere apenas mintzatu direla gaiari buruz.
«Azken biltzar nagusian ohartu dira, ordea, pentsatu baino leku gehiagotan ari zirela prestatzen kontsultak, seguru asko atentzioa deitu die horrek, eta horri erantzun nahi izan diote gutun hauekin», azaldu du. Intentzioa salatzearekin batera, iritzi du botere sobera erabili duela prefetak eta «adierazpen askatasuna murriztu» nahi izan duela.
Gaia aztertu eta auzapezen iritzia plazaratzeko, Bortairuk jakinarazi du etzi agerraldia egingo dutela eta bertan izango dela, besteak beste, Ipar Euskal Herriko auzapezen biltzarreko burua Christine Bessonart. «Erabat gezurtatuko dugu gutunean esaten dena», iragarri du.
Baterako kideen esanetan, orain arte mespretxuz tratatu dute euren ekimena, baina hartzen ari den dimentsioa ikusirik, auzapezek atzera egin dezaten saiatzen ari direla uste dute orain.