Enplegua arautzeko 2.565 espediente onartu zituzten iaz EAEn
GARA |
Iaz enplegua arautzeko 2.565 espediente onartu zituzten Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE), eta 68.722 langilerengan izan zuten eragina. Lan Harremanetarako Kontseiluak atzo emandako datuak dira. Hala, 2008ko espediente kopuruarekin alderatuta, %417ko gehikuntza adierazten dute 2009ko datuek. Horien ondorioz kaltetutako langileei dagokienez ere, %437ko gehikuntza izan zen.
Lan Harremanetarako Kontseiluak emandako informazioaren arabera, espedienteren baten eragina izan duten langileen %95ek aldi baterako etenaldia izan zuten beren kontratuetan, %3ri lan kontratua deuseztatu zioten, eta gainerako %2ari lanaldia murriztu.
Lurraldeen arabera, Gipuzkoan onartu ziren espediente gehien, guztira, 1.142 gauzatu baitziren, eta horien arabera, 25.190 langile izan ziren kaltetuak. Bizkaian, 1.056 espediente onartu, eta horien eraginak jasan zituzten 24.788 langilek, eta Araban, 367 espediente onartuz, 18.744 langile izan ziren kaltetuak.
Espediente mota kontuan izanik, 1.170 langilek izan zuten lanaldi murrizketa; 65.574k, berriz, aldi baterako kontratuetan etenaldia izan zuten; eta beste 1.978 langabezian geratu ziren espedientearen ondorioz.