GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Non da MAM ?

Presa eta zalaparta Mendebaldeko bizimoduaren adierazle nagusietarikoak omen dira. Ahal den eta azkarren bizi, hobe, inora ez arribatzeko bada ere. Harrabots atera, espantuka egin. Iduriz, lasterka ibiliz, zarata sortuz, garatutako herrialde kide gisa harro azaltzen gara. Estropezu egiteko arriskua handia bada ere.

Isiltasunari beldur diogu, bakardadean aurkitzeak izua sortzen digu. Norabiderik gabe ihesaldia hartzeko punturaino.

Ez gaituzte goaitatzeko hezi, ez gaituzte munduan lasaiki bizitzeko hazi. Eta hantxe aurkitzen gara, bozgorailua piztuta, espektakuluaren erdian.

Hitza ez entzutea bitxia egiten zaigu. Ekitaldi batetik telebista batera murgiltzen diren buruzagien ahotsa gutxitan apaltzen baita. Eta gauzak okertzen badira... zirkua auzitegian jarraitzeko parada izanen da.

Izan ere, azkenaldian, isil-gorde sumatzen dugu, demagun, Frantziako Justizia ministroa. Ministerioaren aterpean gorderik, isilean dugu buruzagia. Gutxitan datorkigu bisitan, eta hala denean, haizea gehiegi mugitu gabe polizia-etxe bat edo beste inauguratu eta, ziztuan, Pariseko gaztelurat itzultzen da.

Badira hilabete batzuk Alliot-Mariek hitza hartu zuela, eta nola, AHT auzian. Proiektua garatzeko inkesta gelditu eta kutxan sartzeko agindua eman zuen.

Hautetsi askok egin hautuari helduz, ofizialki, bere lan bildumatik kanpo gelditzen zen afera batean bere jarrera azaldu zuen Alliot-Mariek (MAM). Keinu garrantzitsua izan zen. Baita segidarik ukan ez zuen keinua ere.

MAMk Justizia ministroari dagozkion arazoez arduratzea zentzuzkoa dela erabaki du noizbait? Sarkozyren Gobernuan aulkia gordetzeko bidean, abiadura handiko erreformen trena bultzatzeak mozkin gehiago ematen du. Bistan da.

AHTren dosierrean ministroaren ikuspuntuaren bozeramaile hurbila den Donibane Lohizuneko auzapezak, Peyuco Duhartek, ez zuen trenbide berriaren aurka Ipar Euskal Herrian egin den mobilizaziorik jendetsuenean parte hartu. Herritarrengandik lasterka bereizi da MAM.

Agian, aurrerantzean, ministroak denbora gehiago hartuko du bere agenda bete-betean jotzen dituzten auziak bideratzeko. Bederatzi hilabeteko atzerapenaz bada ere, hobe luke trenak bata bestearen atzetik ez galtzea. Jon Anzaren auziak bere arreta guzia merezi beharko luke. Urratsez urrats, egia gordina marrazten ari baita. Eta zehazpen berri bakoitza MAMren gotorlekua zaurtzera dator.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo