GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Davos «in memoriam»

Azkenik. Hasiak dira lehenengo berriak iristen. Davosetik. Lurrikara gertatu zenetik egun batzuk joan behar izan dira hondamendiaren lehenengo irudiak jaso ahal izateko. Ikaragarria. Epizentroa Davoseko Exhibition Center azpian kokatu dute adituek; esan liteke izenak ekarri duela izana, lurrikarak «center» hori baliatu duela epizentro modura. Tira, 8 graduko astindua izan zen, Wall Streeten eskala berrituan. Hara sartzea izan duten lehenengoek ikaragarria iritzi diote ikusiari, hondamena nagusi. Hondakinek dituzte bazter guztiak hartu, erdia ere. Orain gutxira arte izen handiko eta izar askoko hotelak izan direnak solairu bakarrekoak dira gaur, hotela izan aurretik bertan zen orubearen altuera berean direla; izarren pisuak lagundu egingo zuen erortzean! Jada ez dago aparteko suite-rik goiko pisuetan, astinduak berdindu egin baititu solairu guztiak, horizontalean berdindu ere. Zementua eta burdina dira orain kaleko hondamendian nagusi, moketa zatiak eta neonak orain ez asko argitzen zituen kartel zatiak hondar-kide dituztela. Etorbidearen azkenean haizeak pokerreko karta batzuk altxatzen ikusten da irudietan, piketako batekoa agerien. Ehunka izan litezke hondarrek azpian harrapatutako gorputzak, horietako asko gorpu, seguru asko. ETB-2 izan zen lehena hondamendiaren berria zabaltzen, kasualitatez bada ere. Segundo batzuk geroago mundu osora hedatu zen albistea. Nafarroan handik bi egunera enteratu ziren. Lehenengo irudiak itzelak, benetan. Lehengo eraikinak oraingo erainskinak. Ospe handiko eraikin inteligente batzuk ez ziren gai izan astindua igartzeko eta gehienak bertan behera erori ziren aitaren batean, astindu nagusiaren lehenengo errepikapena gertatu baino lehen; beste batzuk zutik badiraute ere aurri-zorian daude beren hutsean.

Halakoetan ohikoa den modura ezbeharra gertatu eta segituan abiatu zen harantz nazioarteko laguntza, Herri Libreen Erakundearen sare zabala baliatuta. Davos zenera sartzen lehenenak Haitiko su-hiltzaileak ziren, txakur jatorrak eta guztiz. Ostean Palestinako erizainak, Cubako sendagileak, Groenlandiako babes zibilekoak, Eskoziako pediatrak, Boliviako meatzariak.... azkenok hildakoak barru-barruan lurperatzeko. Euskal Herritik joateko zirenak atxilotuak izan ziren aireportuan. Dena dela, Donostiako Gotzainak animozko agurra bialdu zuen latinez, honen osteko munduan Davos asko direla gogora ekarrita. Hara doazela, agudo!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo