Hilabete batzuen bueltan bere egoera hobetzeko doa Maitane Goņi Parisera
Aurreko aldian ez bezala, oraingoan etxekoez lagunduta joango da Maitane Goñi Pariseko ospitalera. Egonaldi luze xamarra egin beharko du bertan, baina, bizi kalitatea hobetuko dion ebakuntza egingo diote. Endekapenezko eritasuna du Maitanek eta bizitzeko beharrezko dituen organoetan egiten dio kalte. Okerrik ezean, maiatzerako Oiartzunen bueltan izango dira.
Janire ARRONDO
Dagoeneko ezagutzen du Maitanek Pariseko Raymond Pincere ospitalea, aurrez ere bere gaixotasunari aurre egiteko tratamendu bila joan delako bertara. Oraingoan, bere bizi kalitatea hobetzea ekarriko dion ebakuntza egingo diote.
Jaio eta bederatzi hilabetera esan zioten Maitaneren amari haurrak endekapenezko gaixotasuna zuela, bizkarreko giharretako atrofia eragiten diona. Eritasun honek bizitzeko beharrezko dituen organoetan du eragina. Orain hamar urte ditu Maitanek, eta bizi osoa gaixotasunari aurre egiten daraman arren, azken hilabeteetan oso azkar egin du okerrera bere osasun egoerak.
Gaur hartuko dute Maitanek, haren ama Alaitz Erostarbek, senarrak eta bikotearen beste bi alabek Pariserako bidea. Garches-eko ospitalean egonaldi luze xamarra egin beharko du oraingoan. Bertan bi ebakuntza egingo dizkiote, bata bizkarrean eta bestea bularraldean. Izan ere, eskoliosi bikoitza dauka eta birikei lekua kentzen dio horrek. Hasiera batean ebakuntza horiek hemendik bi urtera egiteko asmoa zuten arren, egoerak okerrera egin duelako erabaki dute aurreratzea.
Maitanek duen eritasunak, oraingoz, ez dauka sendabiderik. Erastorberen esanetan, arazoak konponbiderik ez duenez, «zure bizkar uzten dute». Baina, berak argi du alaba bizi den bitartean ahalik eta baldintza onenetan egitea dela garrantzitsuena. Hala ere, bere hitzetan «tristea da dirurik izan ezean, besoak gurutzatuta geratu behar izatea».
Familia osoa elkarekin
Parisen egin beharreko mediku-tratamenduaren gastuak Osakidetzak hartuko ditu bere gain, baita Maitenerekin hara doan pertsona batenak ere. Hala ere, Oiartzundik Maitaneren etxeko bostak joango dira Parisera. Lehen denboraldi bat bakarrik igaro zuen haurrak ospitale horretan eta soilik telefonoz hitz egiten zuen amarekin. Oraingoan, amak argi du ez duela nahi esperientzia hura berriz errepikatzea. Horregatik, Erastorberen senarrak eszedentzia hartu eta Parisen etxe bat alokatu dute. Aukera hau gaixorik diren haurrek ostatu hartzen duten «Gurasoen etxea» baino merkeago ateratzen omen zaie.
Parisera iritsi orduko
Garches-ekoa gaitz neuromuskular pediatrikoen Europako zentrorik onena da. Helduen neurologo batek Hendaiako zentrora joan zitezen gomendatu zien, eta han Maitane artatu zutenean Pariseko ospitalera joateko esan zieten. Garches-eko zentroan ikerketa ugari egin dituzte gaixotasun honen inguruan, baina, Erostarberi 2005. urtera arte inork ez zion haren berri eman.
Raymond Pincere zentroan Maitaneren gaitz bera duten gaixo helduak ezagutu zituzten eta horrek itxaropen handia eman zien. Gainera, beste kide batzuekin pisu batean bere kasa bizi den 25 urteko neska bat ere ezagutu zuten.
Bihar bertan ospitaleratuko dute eta medikuek buruan metalezko uztai bat jarriko diote, burezurrari eutsiz eta kontrapisu sistema batekin bizkarreko bertebra bakoitza ahalik eta gehien tenkatzen saiatuko dira. Egoera horretan bost edo sei aste inguru egongo da, martxoaren 16 eta 17an ebakuntza egiten dioten arte. Medikuek ahalegin handiak egin beharko dituzte Maitaneren hezurretan kalterik ez eragiteko, izan ere, osteoporosiaren ondorioz erraz apurtzen zaizkio.
Handik bueltan, Maitanek ezinbesteko izango du fisioterapia, eta orain arte bildutako dirua horretarako erabiliko dute.