GARA > Idatzia > Kultura

«Ubeldura eta zauriak sendatu bezain pronto itzuliko gara taula gainera»

p058_f01_194x124.jpg

Markel, Urtzi, Oier, Peter, Ñako eta Hodei

Des-Kontrol taldeko kideak

Aste honetan Des-Kontrol taldea albiste iturri bilakatu da, duela astebete taldeko musikariek Barakaldon jasan zuten jipoi bortitzaren ondorioz. Erasoak eragindako ubeldura eta zauriak oraindik agerian, musika munduan tinko jarraituko dutela adierazi du Arrasateko boskoteak. Dena ongi badoa, otsailaren 20an itzuliko dira taula gainera, Algortan hitzartua duten emanaldi batean.

Koldo OTAMENDI | ARRASATE

Ez da oso ohikoa, Euskal Herriko musika talde bat albiste bilakatzea plazaratutako disko eta jotako kontzertuak ez beste gertaeraren bategatik. Alta, hori da Arrasateko Des-Kontrol taldeari gertatu zaiona. Urtarrilaren 22an Barakaldoko jai eremuan kontzertu bat eman behar zutenean jasan zuten erasoa, prentsa, irrati eta gainerako komunikabideen bazka bihurtu da egunotan. Taldekideak ez ezik, taldeko jarraitzaile zenbait ere kolpatuak izan ziren. Taldearen egoeraren berri eta gertakarien informazio zehatza jakiteko bildu gara Des-Kontroleko kideekin.

Pasa den astean Barakaldon gertatu zena, istorio luze baten azken kapitulua besterik ez da izan. Nondik dator afera hau? Non du jatorria?

Azken bizpahiru urteetako afera badirudi ere, kasik 2002. urtera arte atzera egin behar dugu arazoaren jatorria zein den jakiteko. Gure taldearen inguruan zurrumurru eta hitz pozoituak zabaldu ziren, politikoki ultra-eskuindarrak eta mugimendu nazien aldarria egiten genuela adieraziz. Gure aldetik, etengabe ezeztatu ditugu halako adierazpenak, gure pentsaera eta izaera agerian utziz behin eta berriz. Hasieran salaketa horiek izan ziren, ondoren gure kontzertuei boikota Bilboko zenbait guneetan, mehatxuak eta liskarrak gero... Geroztik, etengabe jarri gaituzte jomugan.

Condemmed 84 musika taldearen kamiseta bat jantzi izana da egotzi dizueten salaketetako bat.

Hala da. 2001ean egin genuen kontzertu bateko irudiak erabili dituzte dokumentazio gisara. Egun errazagoa da musika talde bati buruzko informazio kontrastatua sarean lortzea, baina garai horretan ez genekien talde horren izaera zein zen, eta gaur egun ere ez dago hain argi Condemmed 84 taldeak bere burua faxistatzat duen ala ez. Antza, taldeak dituen zenbait hitz homofoboak eta komunismoaren aurkakoak omen dira, eta hortik dator dena. Arrasaten betidanik egon da Oi! musikarekiko biziera bat, eta guretzako eredu eta erreferente izan ziren Iskanbila edota Puñetazo taldeko kideek ere musika talde hori entzuten zuten, baita kamiseta horiek jantzi ere. Gu ezagutzen gaituen edonork badaki ez dugula ideia horiekin bat egiten.

Kamiseta horrez gain, beste hainbat akusazio ere zabaldu dira taldeari buruz.

Egin dizkiguten akusazio eta salaketa guzti horiek interes jakin batekin eta maltzurkeriaz erabiliak izan dira. Duela zenbait urte kaleratu zen «Skinhead mugimendua Euskal Herrian» izeneko txosten bat, eta han bildu zituzten gure aurkako halako lehen salaketak eta gerora informazio ugari zabaldu dute. Bertan, gurekin jo duten talde batzuei buruzko informazioa zabaltzen zen, baita gure lagun batzuek zituzten lagunei buruzkoa ere. Hain dago aldrebestua dena! Iaz kaleratu genuen «Hipokresia eta faxismoaren aurka» diskoan argi utzi genituen gure ideiak.

Bada esaten duenik skinhead mugimendu barneko arazo bat besterik ez dela istorio hau.

Des-Kontrol taldea estuki lotua dago kultura horretara, eta bizitzeko modu bat ere bilakatu da guretzako. Ez dugu batere gustuko Barakaldoko erasoa parametro horietan kokatzea. Guri eraso egin digutenek ez dute skinhead mugimendua ordezkatzen, eta oso urrun daude benetako izaera horretatik. Euskal Herrian ez da sekula era horretako gertaerarik izan, eta halako jokabide dutenek, ez dute tokirik bizimodu honetan.

Taldeak aste honetan atera zuen komunikatuak Athletic-eko Herri Norte taldeko zenbait lagun aipatzen ditu erasoaren egiletzat.

Hala da. Jakin badakigu Herri Norte taldeak, talde gisa ez duela zerikusirik gertaera hauekin, baino badakigu talde horren barneko zenbait lagun izan direla erasotzaileak. Urteak atzera, harreman ona izan dugu Herri Norte taldekoekin, eta bere garaian talde honek antolaturiko kontzerturen batean jo izan dugu. Gustatuko litzaiguke Herri Nortek, antolakunde gisa, bere burua kokatzea istorio honen aurrean, eta kide hauei dagokienez, erabaki zehatzak hartzea. Herri Norteko zale askoren babesa ere jaso dugu.

Taldeak elkartasun mezu ugari jaso du.

Sekulako elkartasun uholdea izan da. Erasoa gertatu eta albistea zabaldu zen une beretik, ehunka izan dira jaso ditugun elkartasun dei eta mezuak. Telefonoa ez da gelditu ere egin, eta horrek poza ematen du. Hala ere, aipatu nahi genuke gure zaleek Facebook sare sozialean eta Interneteko beste foroetan abian jarri dituzten ekimenak eta bertatik jaso dugun babesa.

Zuek ere talde gisa ekimen bat martxan jartzekotan zarete.

Bai hala da. Egun hauetan guztietan jaso dugun elkartasuna nolabait bideratu egin nahi dugu, guri gertatu zaiguna beste edozein talderi gerta ez dakion helburuarekin. Musika mundutik jaso dugun elkartasuna handia izan da, baita gizarteko beste alor batzuetatik ere. Kirol arlokoa, gizarte eragileak, norbanakoak... Hori guztia bildu eta zerbait bateratua egin nahiko genuke.

Noiz itzuliko zarete agertokietara?

Barakaldoko erasoa bortitza izan zen, eta kolpe eta ubeldurez gain, taldekide batek eskumuturra hautsia du. Horren ondorioz, datozen asteetan hitzartuak genituen hainbat emanaldi bertan behera utzi ditugu. Dena ongi badoa, otsailaren 20an, larunbata, itzuliko gara taula gainera, Algortako inauterietan.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo