GARA > Idatzia > Euskal Herria

Roanneko espetxeraino, Lorentxa Guimoni berotasuna helaraztera

Donibane-Garazitik autobusez Roannera abiatu ziren ostiral gauean 60 lagun, Lorentxa Guimoni berotasuna eta elkartasuna adieraztera. Preso hendaiarra pairatzen ari den «egoera larria» salatzeaz gain, espetxeko zuzendaritzaren jarrera gogor kritikatu zuten, eurekin hitz egiteko eskaerari uko egin ziotelako. Adierazi zutenez, «Lorentxa ahul dago, baina burua eta ideiak argi ditu, tinko eusten baitio bere helburuari». Bihar 30 egun beteko ditu gose greban.

GARA |

Lorentxa Guimonek orain 29 egun hasi zuen borrokak kalean ere badu jarraipenik, bere ahotsari oihartzuna emateko hamaika ekintza, hamaika adierazpen izan baitira. Ostiral gauean Euskal Herritik lagunez betetako autobus bat abiatu zen Roanneko espetxera. Donibane Garazitik 21.00etan irten zen 40 lagun zeramatzan autobusa, eta ordubete geroago, Baionan egin zuen geldialdian, jende gehiago igo zen preso hendaiarrari berotasuna helarazteko asmoz. Lorentxaren ama ere haien artean zegoen, atzo goizean baitzuen alabarekin bi orduko hitzordua.

Muriel Lucantis Askatasunako kideak GARAri azalduz zionez, bidaia ez zen batere erraza izan: «Gaueko bederatzietan abiatu, eta atzo 8.00etan heldu ginen Roannera. Bidean elurte handi batek harrapatu gintuen eta errepidean ibiltzea oso zaila egin zen». Eguraldi kaxkarraren aurrean «beldurra» sentitu zuten, batez ere, Lucantisek azaldutakoaren arabera, «iritsiko ez ote ginen zalantzagatik». Hamaika ordu luze autobusez egin ostean, azkenean garaiz eta onik heldu ziren Roanneko espetxera. «Han ere Saint Etienneko jendea gehitu zitzaigun -kontatu zuen Lucantisek-, eta asko eskertzekoa da keinua».

Bertaratutakoan, 8.30ean, Lorentxak bere amaren bisita izan zuen, eta ama-alabak 10.30ak arte egon ziren bilduta. Lucantisek azaldutakoari jarraituz, Guimonen ama oso hunkituta irten zen presondegitik: «Fisikoki oso nekatuta dagoela esan zion amari, baina burua bere lekuan duela, tinko eta sendo». Alde horretatik, Lucantisek nabarmendu zuen Lorentxak argi duela «helburua zein duen» eta horren alde borroka egiten jarraituko duela: «Gorputza ahul baina, burua indartsu».

Bihar, 30 egun gose greban

Hain zuzen, bihar beteko dira 30 egun euskal presoak gose greba hasi zuenetik, eta presondegiko sendagileek esan zutena betez gero, bihar bertan ospitalera eramango dute hendaiarra. «Lorentxak atzo hitz egin zuen honen inguruan amarekin -aipatu zuen Lucantisek-, eta argi utzi zuen han ere borrokan jarraituko duela, horrek ez duela bere egitekoan geldituko».

Elkarretaratzea «arazorik gabe» egin ahal izan bazuten ere, Askatasunako kideak argitu zuenez, jendarme ugari bildu zen han inguruan, 30 polizia inguru.

Gainera, Lorentxaren amak bisita burutu bitartean, espetxeko zuzendariarekin hitz egiten saiatu ziren, Etxerat elkarteak horretarako eskaera egina zuen-eta. Azkenean ezinezkoa izan zen, ordea, bilera egitea: «Zuzendariarekin hitz egitea ezinezkoa izan da, han bertan ginela sarrera ukatu ziguten, Etxeraten eskutitza ez zutela jaso argudiatuz». Gaineratu zuenez, zuzendariaren jarrera aurrerantzean ere horrelakoa izango den itxura osoa duela uste dute. «Jarrera honek egoera usteldu besterik ez du egiten», salatu zuen, baina argi utzi zuen lana ez dutela amaitu, Lorentxarekin batera borrokari eutsiko diotela helburuak bete arte.

«Borrokan jarraitu behar dugu, beraien eskubideen alde»

Lorentxaren amak bisitarekin amaitu zuenean Roanneko hirira bertaratu ziren manifestaldi txiki bat burutzeko: «Hiritarrei eskuorriak banatu genizkien egoera ezagutzera emateko -kontatu zuen Lucantisek- geroz eta jende gehiagok jakin hobeki delako. Hau ez da isildu behar», azaldu zuten Askatasunetik. 14. 30ak inguru eguneko ekintza amaitutzat eman zutenean autobusa hartu zuten etxera itzultzeko.

Honez gain Lucantisek azpimarratu zuen «borrokan jarraitu beharra dagoela, bai ala bai»: «Lorentxak aldarrikatzen dituen eskubide berberak aldarrikatzen ditugu, ez baita bidezkoa, salatu beharrekoa derrigorrean».

Hala ere atzo egindakoarekin lana ez dela amaitu gaineratu zuen eta «hau aurrerantzean burutuko diren beste hamaika ekimenetako bat» baino ez dela izango, alegia. Zentzu honetan azaldu zuen hausnarketa egiteko garaia dela «nola jarraitu» aztertzeko eta hori egiteko dagoeneko abian jarri dela interpelazio talde bat. Zehazki talde honek Ipar Euskal Herrian egingo du lan, Lorentxa Guimoni elkartasuna erakusteko antolatu duten ekintza bezalakoak burutzeko: «Mobilizazioak finkatu gabe ditugu, zehazki zer, non eta nola egingo ditugun. Baina borrokan jarraituko dugula ez dugu zalantzarik» amaitu zuen Lucantis.

Egiteko dagoen lan horretan bidea trabatzen duten jarrerak salatu zituzten, Roanneko espetxeko zuzendariarena bezala, izan ere berak adierazitako moduan, «horrelako jarrera itxiek trabak besterik ez dituzte jartzen begi bistakoa izanik ez daudela kolaboratzeko prest». GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo