GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Trinkete

Waltari eta Ezkurra dira berriro ere finalean izateko faboritoak

Jon LEUNDA

Berezkoen Buruz Buruko bi finalerdiak jokatuko dituzte gaur Arrangoitzen, 16.00etatik aurrera. Finalerdiak bi partidara jokatuko dira, eta pilotariek neurketa bana irabaziko balute, bakoitzak jokatutako bi neurketetan egindako tantuak hartuko lirateke kontuan.

Garrantzitsua da, beraz, lehen partida irabaztea, horrek presio handia sartuko liokeelako aurkariari, eta aldea ere garrantzitsua izango da, bigarren neurketa aurkariak irabaziko balu ere.

Lehen partidan, Waltari faborito aterako da Kurutxariren aurka. Azken honek partida bat jokatu du, pasa den igandean, baina ez zen amaitu Etxetok min hartu zuelako, baina berak aurrera egin du. Waltarirentzat, berriz, lehen partida izango da. Bera da egungo txapelduna, eta finalerdietara arte ez du jokatu beharrik izan.

Bera da faborito nagusia finalerdietako bi partidak irabazteko, baita finala bereganatzeko ere. Finalaren atariko bi partida hauek irabazi egin nahi dituela adierazi du, eta ez duela ezustekorik nahi. Kurutxari, berriz, presiorik gabe, galtzeko gutxirekin arituko da.

Beste finalerdia da, dudarik gabe, erakargarriena, eta orekatuen azaltzen dena. Ozafrainek eta Ezkurrak jokatuko dutena, hain zuzen. Patrickentzat bigarren kanporaketa da, final-laurdenetan Alfaro gainditu baitzuen.

Ezkurrak lehen neurketa izango du. Iaz bigarren amaitu zuenez, honek ere ez du finalaren atarikora arte jokatu beharrik izan.

Partida orekatua agertzen da. Biek dakite Berezkoetan finalak jokatzea eta txapela janztea zer den, eta lehia estua izango dela dirudi, nahiz eta dirua Paxkal Ezkurraren alde aterako den.

Bi finalerdi hauen itzulerako norgehiagokak datorren igande arratsaldean jokatuko dituzte Donapaleuko trinketean, eta finalerako txartela lortzen duten pilotariek, berriz, hemendik hiru astera jokatuko dute finala, Baionako Moderne trinketean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo