Kronika | Bertso Eguna 2010
Hitz betea eta soiltasuna, tradizioa eta esperimentua, elkarren ondoan
Soila ez da erraza. Soila ez da landu gabea. Juxtu, alderantzizkoa. Estetika oso zainduko saioan, bertsolariak biluzten ausartu ziren eta pisua, inoiz baino gehiago, esandako hitz bakoitzaren gainera erori zen. Distiraz batzuetan, itzalxeago besteetan. Oteizaren nortasunak eta lanak gidatu zuten Bertso Eguneko arratsaldeko saioa.
Amagoia MUJIKA
Soiltasunak, lehen inpresioan erraza dirudi. Hain da soila, trankila, umila. Tasun horiek klima berezi bat sortzen dute eta konturatzerako zentzumenak biziagotu egiten dira; zorrotzago ikusten da eta ozenago aditzen. Egoera berezi horretan, gehiago gozatzen edo sufritzen da parean duzunarekin; akrobaziak distiratsuagoak dirudite eta estropezuak aldrebesagoak. Ez, soiltasuna ez da erraza.
Jorge Oteizaren bueltan joan zen atzoko Bertso Eguna Donostiako Kursaalen. Agertokian, txuri-beltza, argi-itzalak, eta aldiro egoera desberdina marrazten zuten pieza erraldoiak. Alde batean, bertsolariak magalean hartzen zituen pieza txuri bat eta lurrean hiru zirkulu marraztuta. Horietan sartu eta ateraz josi zuten saioa zortzi bertsolarik; Amets Arzallus, Xabier Silveira, Uxue Alberdi, Jokin Sorozabal, Jon Maia, Iñaki Gurrutxaga, Igor Elortza eta Maialen Lujanbio. Andoni Egaña kontalari lanetan eta Unai Elizasu gaiak jartzen. Ez ziren oholtzaratu ziren bakarrak izan; Kukai eta Ttanttaka taldekoek eta Patxi Etxeberria, Txomin Garmendia eta Iker Zubeldia bertsolariek ere parte hartu zuten.
Uxue Alberdik lehen agurrean kantatu zuenez, «uztar ditzagun hitz betea ta soiltasunaren hutsuna/ uztar ditzagun tradizioa ta esperimentaltasuna/ kuboa neurri zurruna bada, zuek borobiltasuna/ laborategi bat da bertsoa latorrizko piezaduna/ bere txikian urre gorriak adina balio duna». Hitz betetik, soiltasunetik, tradiziotik eta esperimentutik asko izan zuen atzoko bertso arratsaldeak.
Andoni Egañak eraman zuen saioaren haria. Badakizki Oteizaren inguruko hamaika pasadizo -asko berak pasatutakoak- eta horietako batzuk kontatuz zabaldu zion aldiro atea Unai Elizasuri, honek segidan gaia jar zezan. Egañak kontatu zuen Oteizak 150 urtean ez zuela esnerik probatu esaten zuela. Ez berak, ez bere amak, ez bere amonak ez zutelako esnerik probatu. Barre algarak sortu zituen kontakizunaren ondotik, Elizasuk Jon Maia eta Maialen Lujanbio jarri zituen kantuan. Maia, aurrera begira, iraganari begiratu gabe bizi dena eta Lujanbio, atzealdean, Maiak ahaztu duen memoriaren paperean. «Etorkizunak emango dizu bizi-irauteko giltza/ iragana da zuri barrua sarritan jan dizun sitsa/ beti berria ta harridura bizitzekotan bizitza/ geure burua berrasmatzea da lehenbiziko baldintza», kantatu zuen Maiak. Eta Lujanbioren erantzuna, «zuk begirada ze urrutira beti mugatik harago/ ortzemugaren fantasi batek liluratuta zeharo/ iraganari muzin eginez joera snoben esklabo/ lehen zer zegoen jakin ezean berrasmatzerik ez dago».
Oteizak 1999an bertsolaritzaren omenez eskultura bat egin zuen eta Zarautzen jarri zuen, Iñurritzan. Pantailan lau irudi agertu ziren; Iñurritzako eskultura, Haizearen Orrazia, demarako harria eta Askatasunaren Estatua. Gurrutxaga, Elortza, Silveira eta Sorozabal sesioan jarri zituen Elizasuk, Oteizak bertsolaritzari eskainitako eskultura lau horietako zein zen ados ezin jarrita. Silveiraren ustez, dema harria. «Nola demontre liteke bia, are gutxiago bata/ azpiko laua ze ostia izango da besterik ez genun falta/ hirugarrenak bertso lanekin sekulako antza dauka/ bizi osoa baitaramagu «arrima» bati tiraka», bota zuen.
Arantzazuko Oteizaren 14 apostoluetan, soberan dauden bien azalean jarri zituzten ondoren Amets eta Uxue. Berrogei urtetik gora hor egon diren arren, Vatikanoaren aginduz garabi bat etorri da haien bila. «Oteizak egin gintuen fin, zintzo eta ondradu/ baina itxuraz pekatuaren zama gurekin dakargu/ Vatikanoak agindu eta grua ondoan hor gara gu/ onartuko dut kentzea grua Munillak gidatzen badu», hasi zen Amets.
Oteizak ez zekien euskaraz, nahiz eta bere arbasoek bazekiten. Amorratu egiten zen horregatik. Elizasuk urez betetako ontzi bat eskaini zion Maialeni. «Jarri eskuak» agindu eta ura bota zion eskuetan. «Esku artean duzun hori da gure hizkuntza». «Ur txorrota bat bada hizkuntza zenbat tanta da hitzeko/ zenbat hitz dira tonu desberdin ta esanahi anitzeko/ gaitzerdi ontzi bat baldin bagenu tanta galduak biltzeko/ eskuetatik joaten denak arriskua du hiltzeko/ halare hitzak etziren sortu eskutan edukitzeko», bota zuen Maialenek. Txapelduna txapeldun aritu zen berriz ere.
Dena erlatiboa da. Bertsolaritza, gastronomia, artea... Horrela gogorazi zuen Egañak. Segidan, Elizasuk Silveira eta Sorozabal babarrun platerkada baten aurrean jarri zituen. Silveiraren begietara, hura artea zen; Sorozabalek babarrun platerkada bat baino ez zuen ikusten. Egoera bitxia sortu zen bi bertsolariak eserita, platerari begira, hausnarketan hasi zirenean.
Horrelako gehiago ere utzi zituen arratsaldeak. Jon Maia, hanka hutsik, maindire zuri batean hondar arrastoak marraztuz aritu zen bertsoka eta errezitatzen tarteka, berak nahi bezala. Behin, aspaldi, hondartzara joan eta bihotz bat marraztu zuen hondarretan. Ordutik hamaika aldiz egin du mareak gora eta behera, baina Maiak marraztutako bihotzak hantxe jarraitzen du. Eroso aritu zen zumaiarra bihotz hari kantuan.
Beste momentu polit bat Maiak berak, Alberdik eta Lujanbiok utzi zuten. Oteizaren izaerak bazituen erpin bat baino gehiago; probokatzailea, samurra eta kontraesankorra izan zitekeen. Txapelketa Nagusian eta ondorengo ajean bertso saio askotako sarrerak agortu egin dira. Horri kantari jarri zituen Elizasuk; Maia, probokatzailea; Alberdi, samurra eta Lujanbio, kontraesankorra.
«A ze demontre bertsolaritzak ustez daraman nibela/ benga txorizo egin ta egin astinduaz manibela/ dena saldua, dena betea, agortu arte papela/ uste dezute Euskal Herria salbatuko dezuela», hasi zen Maia, bikain bere paperean.
«Edo jendea dago sobera edo falta da tokia/ Euskal Herria beti motibo edo beti aitzakia/ Euskal Herri hori salbatu nahia ez da helburu egokia/ baina zati bat poztea ere ez da meritu txikia», Lujanbio kontraesankorraren ahotik.
Esperimentu polita izan zen atzo arratsaldekoa. Eta esperimentu guztiak bezala, bere distirak eta bere arriskuak izan zituen. Dantzariak txuriz edo beltzez jantzita agertu ziren, hanka hutsik. Han ez zegoen ez jantzi deigarririk, ez su artifizialik. Denak, pausoei, saltoei, oin zartadei adi. Bertsolariak ere biluztu ziren eta ozen entzun ziren beren oin zartadak, onak eta ez hain onak. Baina asmatzeko arriskatu beharra dago.