GARA > Idatzia > Euskal Herria

Harrera beroa egin zieten Hernanin Arrieta, Oñate eta Telleriari atzo goizaldean

p011_f0169637.jpg

GARA |

Jende andana bildu zen atzo goizaldean Hernanin Aitzol Arrieta, Ekhi Oñate eta Ekaitz Telleriari lehen ongietorria emateko. Iazko martxoaren 31n Polizia espainolak Hernanin eta Urnietan egindako polizia operazio batean zortzi gazte atxilotu zituen; tartean Arrieta eta Oñate. Telleria bere kabuz aurkeztu zen Auzitegi espainolean hiru aste geroago eta hura ere kartzelatu egin zuten. Herenegun 40.000 euroko bermea ordainduta utzi zuten Arrietak eta Oñatek Alcalako espetxea eta Telleriak Soto del Realekoa.

Bestalde, Estatu espainoleko espetxeetan iragan asteburuan dozenaka bisita bertan behera geratu ziren preso politikoen senide eta lagunak miatzeko neurria dela-eta.

Madrilgo Soto del Real espetxean Aitor Liguerzana, Aritz Lopez, Oier Zuñiga, Euken Villasante eta Ekaitz Telleria geratu ziren aurrez aurrekorik gabe. Hain justu ere, Liguerzanaren neskalagunari hiru hilabetez ezingo zuela bisitarik izan esan zioten espetxera iritsitakoan aurreko astean arakatua izateari uko egin ziolako. Gainerako presoak horren berri izan zutenean ateak kolpekatu zituzten.

Ondorioz, egun horretan Soton izan ziren senide guztiek ez dute aurrez aurrekorik izango datozen hiru hilabeteetan. Espetxe berean, larunbatean, Xabi Etxeberria, Iban Etxeberria, Xabier Lujanbio, Borja Oregi, Ibon Arbulu, Jokin Zerain eta Eneko Aizpuruk ere ezin izan zuten aurrez aurrekorik izan.

Cadizeko Puerto I espetxean bestalde, Joseba Etxezarreta, Rufino Arriaga eta Fernando Elejalde geratu ziren aurrez aurrekorik gabe, Herrera de la Man- chako preso politiko guztiak bezala. Alacanteko kartzelan, berriz, Eder Ariz eta Endika Abadek galdu zituzten bisitak; Curtisen Jose Mari Ezkerrok, Ibon Meñikak, Alberto Plazaolak, Gorka Lupiañezek, Emilio Salaberriak eta Ziortza Fernandezek; eta Navalcarneron Aitor Aranzabalek, lagunen zerrenda abisatu gabe aldatu diotelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo