GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander Garro idazlea

Grammy sariak

 

Ez dakit M-ak taldea oroituko duzuen. Xabier Montoia, Kaki Arkarazo, Mikel Irazoki… Bera eta Gasteiz arteko konexio bitxiaren emaitza are bitxiagoa izan zen, potentea bai, ederra aldika, indartsua beti. Errepikagaitza (ez gaur egun talde onik ez dagoelako). Bazuen M-ak taldeak, Montoiak berak idatzitako kanta ironiko bat, Mark Knopfler gitarra-jotzaileari eskainia. Knopfler irratiz irrati eta telebistaz telebista nekagaitz zebilen garaian idatzi zuen Montoiak letra hura, haren jazarpen setatiaz libratzeko nonbait. «Irratia piztu, eta hor dago Mark», esaten zuen. Irratia piztu, eta hantxe zegoen “Calling Elvis” hura, kanta country-a edo, lokartzeko modukoa zena. Knopfler eta bere zapia, Knopfler eta bere punteo nekagarriak, denak ziren komunikabideentzako zera ezin interesgarriagoak, antza, beti baitzeuden edonon, edonoiz, gure peskizan, gure atzetik.
 
Bitxiena, ordea, zera da: Knopfler faltan hartzen hasiak garela. Ezen gogaikarria zena, gaur tortura zuria da, tortura sotila eta zitala. Beyonce (Beionsi) izena du, eta nire etxean bizi da. Irrati eta telebista guztietan. Etengabe. Knopfler behintzat, musikaria zen. Ez zen estridentea. Pausatua zen, lasaia, gogaikarria bai, baina ez histrionikoa. Beyonce, ordea, Steve Wonder, MC Hammer eta Spice Girl’s-en arteko nahasketa txarra da, epilepsia dosi txiki batez lagundua gainera. Ez dakigu abesten dakien. Akaso jakingo du pixka bat, eta mugitu ez da gaizki mugitzen. Zertarako ukatu. Baina hori guztia gutxienekoa da. Begira ezazu zeure inguruan: hortxe ibiliko da. Alde egiteko asmorik gabe.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo