GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea

Izetatarrek aise bete dute hasierako helburua

p035_f02_088x132.jpg

Jon LEUNDA

Izeta II.ak eta Izeta IV.ak, aitak eta semeak, alegia, marka bikaina egin zuten atzo Abadiñon, 125 kiloko zilindro kopa 125 aldiz altxatu baitzuten, eta horretarako 9 minutu eta 40 segundo behar izan zituzten. Beraiek esan zutenez, hasieran uste baino hobea izan da egindako denbora.

Bi kirolari hauek 125 kiloko zilindro kopa 125 aldiz altxatzea zuten helburu, baina denborarik jarri gabe, denbora librean, alegia.

Erabat bete ziren Abadiñoko probalekuko harmailak, bi kirolari hauen lana ikusteko asmoa eta jakin-mina zuten ikusleez. Saioa hasi aurretik beraiek esan zuten 11 minuturen bueltan ibiliko zirela marka hau egiteko, baina amaieran hamar minututik ere jaitsi zuten, eta betiko geratuko den lana izango da.

Bien artean erabakitako erritmoarekin abiatu ziren bi kirolariak. Aitak bost jasoalditako txandak egiten zituen, eta semeak berriz, laukoak, nahiz eta tarteka bostekoak ere egin zituen, aitari atseden gehiago emateko. Erritmo oso onarekin abiatu ziren, eta 60 jasoaldi egiteko 4 minutu eta 51 segundo behar izan zituzten. Beraiek aurretik pentsatu zuten bezalaxe ari ziren lanean.

Amaieran, eta jendearen bultzadarekin, erritmoa bizkortu zuten, eta azkeneko jasoaldia eman eta epaileak txistua jo zuenean, 9 minutu eta 40 segundo erakusten zuen erlojuak.

Oso gustura

Ekinaldia amaitu ostean bi harri-jasotzaileak oso gustura agertu ziren prentsaren aurrera. «Egia esan, oso gustura geratu gara. Uste dut oso lan ona egin dugula», esan zuen Izeta IV.ak.

«Hasieran nik lau jasoaldiko txandak egin behar nituen eta aitak bostekoak. Baina batzuetan nik bostekoak ere egin ditut, berak atseden apur bat hartzeko. Oso ongi moldatu gara, eta oso gustura geratu gara egindakoarekin», erantsi zuen.

Izeta II.a ere oso konforme zegoen. «Egia aitortu behar badut, uste baino hobeto ibili gara. Hasieran 10 minututik 11 minutu bitarte horretan egitea uste genuen, baina hortik jaitsi gara. Sekulako giroa zegoen, eta amaieran jendearen laguntzarekin erritmoa altxatu egin dugu, eta marka polita egin dugula uste dugu», esan zuen.

«Gaur egun ez dago aita eta seme bat honelako marka bat egiteko, baina hau hor geratuko da, eta agian hemendik urte batzuetara onduko dute. Polita da semearekin honelako lanak egitea», onartu zuen Izeta II.ak, atzoko marka lortu eta gero.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo