Putinen aurkako kritikek giro politikoa aztoratu dute Errusian
Joan den astean Kaliningradon Vladimir Putin lehen ministroaren kontra buruturiko manifestazioak eta Senatuko presidenteak telebista kate batean egin zituen adierazpenek giro politikoa aztoratu dute Errusian. Arrazoi bat edo beste tartean, Gobernuaren kontrako mobilizazioak hainbat hiritara zabaldu dira, ezohiko protesta giroa sorraraziz.GARA |
Vladimir Putin lehen ministroa ez dago bere une onenean. Bai berak bai Dmitri Medvedeven Gobernuak kritika ugari jaso ditu azken asteetan. Errusiako hainbat hiritan manifestazioak egin dituzte krisialdiaren ondorioak eta giza eskubideen urraketak nabarmentzeko. Horrek guztiak Errusiako egoera politikoa aztoratu du.
Urtarrilaren 30ean, 10.000 pertsonak manifestazioa egin zuten Kaliningradon Putinen dimisioa exijitzeko. Salneurriak igoaraztea eta langabezia tasa altua ez geldiaraztea leporatu zioten, Moskuko Eco irrati kateak aditzera eman zuenez.
Elkartasuna mugimenduko buruzagi Boris Nemtsovek azaldu zuenez, energiaren prezioa %22 igo du, eskualdean langabezia tasa handia izan arren. «Kaliningradoko biztanleok eskubideak nola defendatu behar ditugun erakutsi diogu Errusiari». Manifestazio hau Errusia osora zabalduko da, ziur asko. Aurrekari bat da», adierazi zuen.
Komunisten aburuz, Gobernuak «herrialdea zuzentzeko, eta krisialdi ekonomikoa gainditzeko gaitasunik ez duela erakutsi du. Horrez gain, ez ditu Konstituzioa eta giza eskubideak errespetatzen. Beraz, ez du aginte moralik boterean jarraitzeko eta dimititu egin beharko luke».
«Kalera 20.000 pertsona ateratzen baditugu, Gobernua eroriko da», esan zuen Guennadi Ziuganov lider komunistak.
Egungo testuinguruan, langileen eskubideen aldeko boltxebikeen aldarrikapenek egunerokotasuna bereganatu dute.
Bien bitartean, oposizioko beste hainbat ordezkarik manifestazioak antolatzeko eskubide konstituzionala aldarrikatu zuten Moskuko erdigunean urtarrilaren 31n. Poliziak hamarka lagun atxilotu zituen.
«Autobus batean sartu naute. Hemen hamasei pertsona gaude eta alboan beste hiru autobus daude jendez gainezka. Jende gehiago atxilotzen ari dira», jakinarazi zuen telefonoz Oleg Orlovek, giza eskubideen defentsan lan egiten duen Memorial zentroko zuzendariak.
Beste Errusia izeneko mugimenduko lider Alexandr Averinek poliziaren jarrera bortitza salatu zuen. «Ordubetean, hirurogei pertsona atxilotu dituzte». Albiste agentzien arabera, 400 bat lagunek, tartean ehun kazetarik, hartu zuten parte. Poliziek nahiz soldaduek plaza inguratu zuten ekimena eragozteko.
Hilabeteko 31. eguna iristen den bakoitzean, Legebiltzarretik kanpo dagoen oposizioak Konstituzioaren 31. atalaren defentsan protesta antolatu ohi du. Atal horrek manifestazioa egiteko eskubidea jasotzen du.
Udalak bosgarren aldiz debekatu zuen. Urriaren eta abenduaren 31n eginiko manifestazioetan ere bortizki oldartu zen Polizia.
Amnesty International erakundeak Errusiak «giza eskubideak eta Konstituzioa urratzen» dituela nabarmendu zuen.
Vladivostok hirian, Pazifikoko kostaldean, hamarka liberal eta komunistek elkarretaratzea egin zuten.
Bestalde, Moskuko Rechnik urbanizazioko 200 bizilagunek Yuri Luzhkov alkatearen dimisioa eskatu zuten. Udalak urbanizazioa botatzeko agindua eman zuen, legez kanpokoa zela argudiatuta. Hondeatzeko makinek etxeak bota zituzten. Solairu horretan luxuzko hotelak eta etxeak eraiki nahi ditu Udalak.
Kaleko protestak gutxi ez balira, Senatuko presidente Serguei Mironovek Putinek krisiari aurre egiteko aurkeztutako aurrekontua gogor kritikatu zuen ikus-entzule gehien dituen telebista saioan. «Kaliningradoko mobilizazioa eta Mironoven adierazpenak ezohikoak dira Errusiako sistema politikoan», esan zuen ostegunean «Vedomosti» egunkariak.
Hedabideek orain arte hainbat eskandalu isilarazi badituzte ere, horien berri ematen hasi dira, batez ere, Poliziari eta eskualdeetako zenbait agintariri dagozkienak.
Gobernuaren aldeko politologoen aburuz, mugimendu horiek guztiek ez dute boterearen ahultasuna islatzen. «Kaliningradon hutsegite politiko larria egin zen. Agintariek ez dute krisiak eragin duen haserrea behar bezala neurtu», aitortu zuen Serguei Markov adituak.
Behatzaile independenteen arabera, azken asteetako gertakariak boterearen barne hausturaren seinale dira. Alde batetik, Medvedeven aldekoak egongo lirateke, modernizazioaren aldeko hautua egiten dutenak alegia. Bestetik, Putinen aldekoak, izaera kontserbadoreagoa dutenak hain zuzen ere.
«Medvedevek Putinen itzalpetik atera nahi du, politika independenteagoa eginez. Kaliningradon Putinen eta Errusia Batua alderdiaren kontrako oihuak entzun ziren. Hori oso larria da. Ez gaude demokratizazio prozesu batean, presidentetzarako hauteskundeetarako lehia batean baizik», ondorioztatu zuen Alexandre Konovalov adituak.
Gerrilla islamikoaren eta Armadaren arteko liskarrean gutxienez bost soldadu hil ziren Urus-Martan eskualdean, Txetxeniaren hego-ekialdean. Bezperan, sei gerrillari hil zituzten hegoaldean.