GARA > Idatzia > Kultura

«Vikingoen sorterrira» helduentzako ipuin bilduma kaleratu du Xabier Mendigurenek

p043_f03_97x112.jpg

GARA | DONOSTIA

Kinka larrian jarri ditu Xabier Mendiguren Elizegik (Beasain, 1964) bere azken liburuko protagonistak. Ipuin bilduma bat da «Vikingoen sorterrira» (Elkar) eta istorioek badute bai samurretik, baita gordinetik ere.

Aita ezezagun eta urrundik miretsiaren bila doan neska; ebakuntza larri baten atarian, bere bizitzako amodio sekretua kontatzera doan emakume heldua; familia-giro itogarri batean bere arrebarekiko obsesiotik nola askatu ez dakien mutila; parking batean nahi gabe ume bat zapaldu ondoren, erruaren zamari aurre egin behar dion gizon gaztea... Guztiek dute lekua bilduman.

Pertsona baten une bateko zalantzan bizialdi oso bateko kontraesanak biltzen dituzten istorioak dira. Mendigurenek arintasun jostalariz idatzi ditu batzuetan, eta gizatasunaren muinera ere jotzen duen dramatismo puntu batez jantziak, besteetan. Adin, ezaugarri eta bizimodu askotako gizon-emakumeak dira ipuin hauetako protagonistak. Ez dira abstraktuak, onerako zein txarrerako, leku eta garai zehatz batean suertatu direnak baizik, «euskal herriren batean, oraintxe bertan edo atzo goizean».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo