GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Gazteei heldu zaie euren balioa erakusteko tenorea

Gaur arratsaldean, Donezteben, eta bihar, Legution, final-laurdenetako bi kanporaketa jokatuko dira.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Urrezko Aizkoran, final-laurdenetako bi norgehiagoka jokatuko dira asteburu honetan, eta horiek amaitutakoan kanporaketa bat besterik ez da faltako finalerdiak nola geratuko diren jakin ahal izateko.

Gaur jokatuko da lehen kanporaketa Doneztebeko pilotalekuan 19.00etatik aurrera. Bertan Arrospide eta Erasun Nazabalen eta Jauregiren aurka neurtuko dira.

Kanporaketa benetan erakargarria geratu da. Alde batetik, bi beterano izango dira bikote bakoitzean, eta horiekin batera gazte bana. Gaur egun Nazabal tartekoa baldin bada, dudarik gabe, beraiek ateratzen dira faborito, baina gaurkoan ez da horren garbi, gazteek ere zeresan handia eman baitezakete.

Lan labur horietan, ordea, Arrospide bikain moldatzen da. Zutikako enborrak mozten maisua da, eta min handia egin dezake. Erasun ere maila oneko aizkolaria da, 18 urte besterik ez baditu ere, etorkizun handia du, eta bikote arriskutsua da.

Bestetik, Nazabali buruz ez dago gauza handirik esateko, egungo onena baita. Jauregi gaztea bere ikaslea da, eta urte batzuk badaramatzate biek elkarrekin entrenatzen eta primeran moldatzen dira. Biko hau ere oso orekatua izango da.

Final-laurdenetako beste kanporaketa bihar jokatuko da Legution 12.00etatik aurrera. Bertan Donato eta Ohian Larretxea Mugertza I.aren eta Etxeberriaren aurka neurtuko dira. Hemen ere Larretxeatarrak dira faborito, baina kontuz ibili beharko dira Mugertzarekin eta Etxeberriarekin.

Bai Mutrikukoa eta baita Sunbillakoa ere eskarmentu handiko aizkolariak dira, eta saiatuko dira gauzak estu jartzen; batez ere Larretxea gaztea estutzen, horixe izango baita gipuzkoarraren eta nafarraren helburua. Izan ere, Donatorentzat lan hauek oso onak dira, eta berari aurre egitea ez da batere erraza izango.

Zilarrezko Aizkoran bi kanporaketa jokatuko dira, eta biak Urrezko lehiaketarekin batera. Gaur, Donezteben, Erdozia eta Saralegi Kañamares I.aren eta Kañamares III.aren aurka neurtuko dira. Bihar Legution, berriz, Dorronsoro eta Irazabal Rodriguez I.aren eta Rodriguez II.aren aurka arituko dira.

Kanporaketak

Arrospidek eta Erasunek Nazabalen eta Jauregiren aurka neurtuko dituzte indarrak Donezteben, eta bihar eguerdian Legution, berriz, Donato eta Ohian Larretxea Mugertza I.aren eta Etxeberriaren aurka arituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo