Baionako eta Donostiako ospitaleek hitzarmena sinatuko dute larrialdietarako
Idoia ERASO | BAIONA
Michel Glanes da Baionako Ospitaleko zuzendaria, otsailaren 1etik. Aurretik Hendaiako Marin ospitalean zuzendari lanetan aritua da, besteak beste. Ipar Euskal Herriko osasun zentro nagusia kudeatzeko mementoan arlo guztietako langile eta medikuekin elkarlanean aritzea du xede. Elkarlana Bidasoaren bestaldeko zentroekin ere bultzatuko dute, larrialdi kasuetarako. Elkarlan hitzarmena aste batzuk barru sinatuko dute.
Elkarlana bultzatzeko medikuekin eta beste zentroekin aritzeko asmo argia ere agertu zuen zuzendari berriak. Bestalde zentroan egiten ari diren hobekuntza lanei buruz mintzatu zen. 2013an bukatuko da berregituraketa, eta horretarako 240 milioi euro beharko dituzte. Orain arte egin diren lanetan 180.000 euro erabili dira. Ospitalean hobekuntzak egiteaz gain, eskasia handia duen psikiatria sailak ia milioi eta erdiko diru laguntza jaso du.