«Zentzugabekeria da herriari hitza eman, eta epaitua izatea»
Orain hogeita hamabost urte jaio zen Aramaion eta bere sorterriak, lehen aldiz, alkate aukeratu zuen 2007an. Ezker abertzaleko Asier Agirrek EAJko hiru zinegotzirekin eta EAko beste zinegotzi batekin dihardu lanean. AHTri buruz herriak berak eskatutako herri galdeketa bultzatzeagatik epaituko dute Arabako Auzitegian. Bihar izan behar zuen epaiketak, baina atzeratu egin dute.
Zuriñe ETXEBERRIA
Iragarritakoaren arabera, bihar epaitu behar zuten Aramaioko alkate Asier Agirre. Abiadura handiko trenari buruz 2007an egindako herri galdeketagatik, hura bederatzi urtez kargua betetzeko gaitasunik gabe uzteko eskatu du Arabako Lurralde Auzitegiko fiskalak, Estatu espainoleko Abokatuaren laguntzaz. Hala ere, AHT Gelditu! Elkarlanak atzo jakinarazi zuenez, Agirreren aurkako epaiketa atzeratu egin dute, data zehatzik gabe.
Horren aurrean, Epaiketaren Kontrako Herri Ekimena osatu dute Aramaioko zenbait eragile, kultura elkarte eta norbanakok, prozedura judizial honen aurrean «tinko» erantzuteko ekimen ugari antolatuz.
Gero eta gutxiago falta da epaiketarako. Bederatzi urtez kargua betetzeko gaitasunik gabe uztea eskatzen du Fiskaltzak, nola ikusten duzu ?
Epaia bera baino garrantzitsuagoa iruditzen zait epaiketa bera egitea. Azkenean, epaiketa bera egitea zentzugabekeria bat dela deritzot. Zer eta herriari galdetzeagatik eta herriari hitza ematen uzteagatik epaitzea hautetsi bat. Bederatzi urte eskatzeak edo kartzela zigorra eskatzeak ez dauka garrantzirik, bigarren mailako kontua da. Lehen mailan, aldiz, epaiketa bera egitea dago.
Eta zeure burua, zer moduz ikusten duzu?
Nire burua lanpetuta ikusten dut, AHTren obrak eta Udaleko kontuak direla eta ez direla. Gai hauetan [epaiketa] denbora galtzen ibili beharra ez da inoren gustukoa. Izan ere, beste gauza garrantzitsugoak aurrera eramateko izan ginen aukeratuak eta beste gauza horiek guztiak egin beharrekoak dira.
Zer izan zen herri galdeketa?
Galdeketak berak baino pisu handiagoa dauka herriak berak eskatu izana. Hau da, sinaduren bitartez 685 herritarrek galdeketa egiteko eskatu zioten Udalari 2006ko azaroan. Ondoren, nahiz eta Udalean onartu, Arabako Auzitegiak debekatu egin zuen, eta hala ere, 2007ko hauteskundeen ostean, herritarrek eurek antolatu zuten. Orduan, Estatu espainoleko Abokatuak, herritarren kontra ezin zuenez jo, nire kontra egin zuen.
Herritarren %54k bere iritzia plazaratu eta horietatik %97k ezezkoa eman zuten. Bi gako ikusten ditut hemen: batetik, herriari erabakitzeko eskubidea eman egin behar zaiola; eta bestetik, politikan gabiltzanok ardura hori daukagula.
Inposatutako proiektua da AHT, udalerri batek ez al du autonomiarik horren gainean hitz egiteko? Nola berma daiteke autonomia hori?
Bai Madrilek eta bai Euskal Herrian bertan daukagun jende batek parte hartu du aktiboki obra honen planteamenduan, beraz, politika eta politikarien gainean hitz egin beharra ikusten dut. Horretan dabiltzan politikariak, ni neu ere, lau urtetik behin aukeratuak izaten gara eta ez daukagu nahi duguna egiteko eskubidea.
Finean, tankera honetako proiektuak daudenean ezinbestekoa da herriari galdetzea. Guk herrian egin genuena Euskal Herri osoak egin beharko luke, gehienbat, instituzio nagusiek, eta hala jakingo genuke herriak AHT nahi duen ala ez. Galdeketa bera udalen autonomia bermatzeko erreminta da.
Krisia dela, aurrekontuak murrizten ari dira; alta, AHT egingo dela ziurtatzen dute...
Hor azkenean, hordagoa bota nahi izan dute eta eurek gure diruarekin jolasten dute, hezkuntzan, osasungintzan eta beste arlo guztietan murrizketak egingo dituzte, dirurik ez dagoela-eta. Alta, AHTrako dirua badago eta horrek ulertezinagoa bihurtzen du proiektua.
Goi tentsioko lineari buruz galdeketa egin zuten aurrekoan ia 30 herrik eta ez dute trabarik izan, zergatik?
Lehenik eta behin, argi dago AHTren gainean hitz egitea bekatua dela. Goi tentsioarena, Ibarretxek egin behar zuen kontsultaren gaia... oharkabean pasatu dira; trenaren gainean, ordea, ezin da hitz egin. Hor dago koska, baina herria aktibatzeko beharra ikusten dut. Egin duten proiektua oso dudakoa da, eta dudako hori bertan behera geratzeko aukerak egon badaude.
AHTren kontra agertu ziren 15.000 lagun, Irun eta Hendaia arteko martxan; zer irakurketa egingo zenuke hortik?
Nire ustez, herriak aukerak ikusten ditu proiektua geldiarazteko. Atzera begiratuz gero, herritar asko ez ginen kontziente izan obra honek ekarriko zituen ondorioez. Gobernuak eta AHTren bultzatzaileek informazioa oztopatu dute. Baina, herria hasi da informazio eskuratzen eta zer-nolako ondorioak dakartzan ikusten ari gara orain. Kalte handia jada egina bada ere, oraindik badago gelditzeko aukera.
Elkartasun handia jaso duzu; zer adierazten dizu horrek?
Urtarrilaren 23an manifestazioan jasotako elkartasuna eta bai nire herrian sortutako herri ekimena ere bihotzez eskertzekoak dira. Azkenik, oso garrantzitsua da herri askotara zabaldutako mozioa, hau da funtzio publikoan jarduteko debekuaren kontrakoa. 60 bat udaletan eztabaidatu, eta gehienetan aho batez onartua izan da herriari hitza eman behar zaiola eta ezin dela horregatik alkate bat epaitu. Kasu horietan, alderdi politiko guztiek bat egin dute mozioarekin. Abendutik aurrera hasi ziren bidaltzen eta Amurriotik, Nabarnizetik, Itzaltzutik eta Asparrenetik, beste askoren artean, heldu dira onartutako mozioak.
Udal askotan, halere, ez dituzte aurkeztu ere egin. Askok mozioa gorde egin dute, horren gainean ez hitz egiteko. Udal horiei, biziki udalerri handiei, eskatu nahi diet mozioa aztertzeko, gehienbat, bakoitzak bere udalak honen gainean zer iritzi duen jakin dezan.
«AHTri buruz hitz egitea bekatua da. Beste gai batzuen gaineko galdeketak, ordea, ia oharkabean geratzen dira»
«Hirurogei bat udaletan onartu egin dute epaiketaren kontrako mozioa, eta gehienetan, aho batez izan da»
AHTren lanekin, nolakoa da egunero bizitza?
Aramaiokoa udal txikia da, 1.500 biztanlekoa, eta halako obra handi bat sekula santan inork ez zuen esperoko. Baserri batzuk lurrik gabe geratu dira jada; udan hautsa, kea, zarata; eta neguan, lokatza, zarata eta jendea lo egin ezinik dabilela. Desjabetzeak, tentsioak, segurtasunekoek herri guztia berentzako hartzen dutela, Harrisonen gizonak balira bezala. Fauna desagertzen ari da, arrain batzuk eta inguruko hegazti askok etortzeari utzi diote.
Arrasate eta Aramaio lotzen duen errepide nagusiak itxita segitzen du...
Obrek eragindako azken kaltea da, herria komunikatzen duen errepide nagusia itxita dago. Orain bi hilabete lurrikara eragin zuten lanetan ari direnek, eta horren aurrean neurriak hartzeko eskatu du Udalak behin eta berriz, baina, bi hilabete eta erdian ez dute ezer egin. Milaka tona lur mugitu dituzte, eta orain, baserrietako bideetatik zehar ibiltzea beste aukerarik ez zaigu geratzen. Arrisku bizian eta arazoz beteta.
Momentu honetan, hobekuntza batzuk egiten ari dira, baina beti bezala berandu dabiltza. Bestalde, salatu beharra dago komunikabide askok egoera hau isiltzea nahi izan dutela. Errepidea moztuta geratu zenetik, Udalak komunikatuak bidali ditu komunikabideetara eta batzuek isilik segitzen dute. Zentsura ez da bakarrik Franco diktadorearen garaiko kontua, gaur egun ere hor jarraitzen du. Z.E.
«Komunikabide askotara oharra bidali genuen lanek eragindako bide mozketaren berri emateko, baina askok isilik jarraitzen dute»
«Epaiketarekin denbora galtzen ibiltzea ez da inoren gustukoa, beste gauza garrantzitsu batzuk jorratzeko hautatu gaituzte»