Eider Mendoza eta Bakartxo Tejeria EAJko parlamentariak
Gizakia Helburu, Gipuzkoa gizatiartuz
Miresgarria da Gipuzkoako Gizakia Helburu elkartearen lana. Langileak eta boluntarioak bat eginik aritzen dira, droga utzi nahi dutenei emanak
Gure herriak makina bat gorabehera ezagutu ditu azken urteotan. Gure etxeetan droga sartu zenekoa izan zen horietako bat. 1980ko hamarkada hasieran, gazte asko bere atzaparretan harrapatu zituen heroinak, familiak burutu ezinik gertatu ziren, erakundeak gortuta bezala geratu ziren arazo pertsonal eta sozialaren aurrean, konponbidea asmatu ezinik. Etsita ere bazeuden agintari, elkarte eta senideak garai hartan. Denen eskutik utzita aurkitu zen gure arteko asko eta asko drogaren zurrunbiloan itota.
Iluntasun gorri hartan argi bat piztu zen Gipuzkoan. Donostiako Elizbarrutian Jose Maria Setien gotzainak hartu zuen bere esku arazoa eta konponbidea bultzatu bere kontzientzia ebanjelikoak eraginda, sentiberatasunez eta sendotasunez. Gizakia ikusten zuen drogak desegindako gazte bakoitzean eta egoera makur hark urratutako familietan. Laguntza behar zuten gizon-emakumeak ziren guztiak. Zerbait egin zitekeen eta egin beharra zegoen.
Drogaren problema ez zen Gipuzkoakoa bakarrik. Hala bada, sekular eta apaiz talde bat Erromara joan zen, drogak menperatutako pertsonekin han egiten ari zirena ikustera eta ikastera. Hala sortu zuten Gizakia Helburu-Proyecto Hombre, Izan Fundazioa eratuz Elizbarrutiko Caritasi atxikirik. Gizatasuna kentzen zien drogatik askatzeko, egoera hark menperatutako pertsonak altxatzeko, gizakiarentzat duina den bizitzara itzultzen laguntzeko jaio zen elkarte berria 1985eko otsailean. Eta bidea urratu zuen, herri-erakunde nahiz gizartearen aitzindari Gipuzkoan eta Euskal Herrian.
Miresgarria da Gipuzkoako Gizakia Helbururen lana. Langileak eta boluntarioak bat eginik aritzen dira, droga utzi nahi dutenei emanak. Esan dezakegu familia berri bat osatzen dutela denen artean. Bizitza aldatzen zaie begirune eta senidetasun-giroan. Horren lekuko bereziak dira zerbitzua erabiltzen dutenak. Hondoa jo eta, hala ere, erortzen jarraitzea zer den ezagutzen duten emakume eta gizonak dira. Egiaz mintzatzen dira, azalkeriarik gabe, bizitza biluztuz. Ikustekoa da Gizakia Helbururen Gipuzkoako etxe bateko bilera-gelan, hormako mural gordina: giza itxura galduta iristen diren mozorro beltz beldurgarriak lehen marrazkietan, senperrak pasatzen dituzten su koloreko irudiak ondoren; gero, pixkanaka, giza tankera hartuz doan korrikalari irribarretsua, eta azkenik zuriz jantzitako gizakia, drogaren mundutik garbi, bakezkoak eginda pozezko dantza batean, bihotz gorri bat, bizia borborka duela. Gizaki izatea dute helburu, zoriona eta duintasuna berreskuratzea, bidelagunei estu helduta, emeki-emeki beren buruaren jabe eginez.
Egun hauetan Markel Olano diputatu nagusiari entzun diogu «kultura politiko berriaz» hitz egiten. Gizartearen esku hartzea eta taupada behar ditu Gipuzkoak, taupada gizakoia. Herri-erakundeen zeregina, berriz, Gizakia Helburu eta hau bezalako hainbat elkarteren ekarpena babestea eta bultzatzea da. Gipuzkoa eta Euskal Herri hobe bat guztion arteko lana baita. Giza balioak sendotzen laguntzea da herri-politikaren eginbeharretako bat, batez ere gure arteko ahulenen bizitza dagoenean jokoan. Guztion ongizatea eta herri-duintasuna beharrean daudenekiko elkartasunean eta zuzentasunean erabakitzen baitira. Beraz ba, bihoazkio gure esker ona eta zorionak 25 urte ospatzen dituen Gizakia Helbururi. Jarrai dezala Gipuzkoan bizia ereiten. Jarrai dezala Gipuzkoa gizatiartzen.