GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal gazteak zientziara erakartzeko udalekuak antolatuko dituzte

GARA

Elhuyar fundazioak eta Lakuako Hezkuntza Sailak hitzarmena sinatu zuten atzo Gasteizen, «zientzia euskal gazteei gerturatu» eta arlo honen inguruko «jakin-mina pizteko» helburuz. Hezkuntza Saileko ordezkariak, Isabel Celaak, eta Elhuyarreko Jose Maria Rodriguez lehendakariak adostutako akordioak hiru proiektu hartzen ditu bere baitan.

Horietan lehenengoa, eta «guztietan berritzaileena», 2010eko udararako antolatu dituzten Zientzia Udalekuak dira. Zientzia eta teknologiarekin lotura berezia izango duten udalekuak prestatu dituzte lehen aldiz, zehazki hamabi eta hamasei urte bitarte dituzten gazteentzat. Parte hartzen dutenek, udalekuetako ohiko ekimenez gain, hitzaldiak, esperimentuak eta tailerrak izango dituzte, arlo hauetan ezagupenak sakontzeko. Ekimen berri honek ardatz pedagogikoa dauka, eta hitzarmenaren sinatzaileek atzo azaldutakoaren arabera, besteak beste, aisialdia eta zientzia uztartzea da helburu nagusia. Kanpaldiak uztailean izango dira Oiartzunen. Egonaldiak astebeteko hiru txandatan antolatu dituzte, eta guztira Autonomia Erkidegoko 150 haurrek parte hartu ahal izango dute bertan.

Hitzarmenaren bigarren atala Kultura Zientifikoaren Laborategiaren finantzaketari dagokio. Hezkuntza Sailak atzo baieztatu zuenez, 120.000 euroko diru laguntza emango dio Elhuyarreko proiektu honi, iaz baino 30.000 euro gehiago.

Elhuyar fundazioaren egitasmo honek zientzia eta teknologiari buruzko hausnarketa eragitea du helburutzat. Laborategiak informazioa jaso eta zabaltzeaz gain, ikerketa sarearen, hezkuntzaren eta gizartearen arteko harremanak sustatzen ditu, eta honenbestez, eragile horien guztien iritzia eskuratzen ahalegintzen da.

Atal honetan bi proiektu nagusi daude, batetik `Gazteak eta zientzia' izenekoa, eta bestetik `Zientzia eta teknologia telebistan'. Batak gazteen pertzepzioaren eta bokazioaren diagnostikoa egitea du xede, eta besteak, azterketak eta mintegiak antolatzea.

Hirugarren eta azken atala Elhuyar fundazioak ETB bidez eskaintzen duen «Teknopolis» programari dagokio. Telebista emanaldi horretan zientzia eta teknologiaren aurrerapen eta berrikuntzak azaltzen dituzte, eta hain zuzen ere, programa urte osoan eskaintzeko akordioa adostu zuten atzo bi erakundeek. Arduradunek publiko orokorrari telebista-saio «atsegina eta interesgarria» eskaintzea bilatzen dutela adierazi zuten.

Atzo lortutakoarekin Rodriguez «oso pozik» agertu zen, eta gazteak zientzia eta teknologiara gerturatzea «ezinbestekoa» dela adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo