GARA > Idatzia > Mundua

Segurtasunari lehentasuna emango dio Costa Ricako presidente berriak

Costa Ricako presidente berriak, Laura Chinchillak, segurtasunari, drogaren aurkako borrokari eta ongizateari lehentasuna emango diola adierazi zuen igandean hauteskundeak irabazi ondoren. Hezkuntzaren eta osasun sistemaren kalitatea hobetuko dituela ere esan zuen.

p022_f01_148x108.jpg

GARA

Laura Chinchillak gehiengo zabalarekin irabazi zituen igandean Costa Ricako hauteskundeak. Ez da beharrezkoa izango bigarren itzulia egitea, botoen %47 lortu baitzuen. Bere lehiakideak urrun utzi zituen, ezker-zentroko Otton Solisek %25,1 bereganatu zuen, eta Otto Guevara eskuindarrak, berriz, %20,9.

Emaitzak jakin ostean egin zuen lehen agerraldian, herritarrei eskerrak eman zizkien bere alde emandako botoagatik. «Beren ondasunik preziatuena eman didate; konfiantza. Ez diet sekula hutsik egingo», plazaratu zuen 5.000 jarraitzaileren aurrean, Crown Plaza Corobici hotelean. «Herriak ez digu txeke zuririk eman, beraz, ezin dugu edozer gauza egin. Aitzitik, ardura garrantzitsuak jarri ditu gure bizkarren gain, hala nola gainerako alderdi politikoekin eta gizarte eragileekin hitz egiteko konpromisoa», berretsi zuen, txalo artean.

Gobernu berriaren lehentasunei dagokionez, segurtasuna eta narkotrafikoaren kontra gogor jardungo duela esan zuen. Osasun sistemaren eta hezkuntzaren kalitatea hobetu nahi dituela eta ingurumenaren defentsan arituko dela adierazi zuen.

Kanpainan, baliabide gutxi dituzten ikasleei bekak emango dizkiela, pentsioa jasotzeko behartsuek bete beharreko baldintzak zabalduko dituela eta lanean dauden emakumeen zama arintzeko umeentzako guneak abian ipiniko dituela aipatu zuen. Igandera arte presidente izandako Oscar Ariasen Gizarte eta Herri-lan arloetako programak mantenduko dituela gaineratu zuen. Talde politiko berekoa izanik, -Nazio Askapenerako Alderdia (PLN)- bere zorionik beroenak eman zizkion.

Solisek ere zoriondu zuen. «Egokitzat ematen ditugun ekimenak sostengatuko ditugu. Herrialdeko lehen emakume presidentea izanik, genero berdintasunaren aldeko apustua egitea espero dugu», gaineratu zuen. Hurrengo hauteskundeetara ez dela aurkeztuko iragarri zuen, igandekoarekin, hiru baitira galdu dituenak.

Guevarak Chinchillarekin hartu-eman iraunkorra izan nahi duela azaldu zuen.

Chinchillak Zientzia Politikoak ikasi zituen Costa Ricako eta AEBetako Georgetown unibertsitateetan. 1996tik 1998ra, Segurtasun Publikoko Ministerioaren ardura hartu zuen. 2002an, diputatu hautatu zuten. Oscar Ariasen gidaritzapean, lehen presidenteordea eta Justizia ministroa izan zen.

balorazio ona

«Hauteskunde prozesu sendoa izan da. Jendeak primeran jokatu du», esan zuen Amerikako Estatuen Erakundeak Costa Ricara bidali zuen misioaren buruak, Maria Emma Mejiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo