Futbol amerikarra Super Bowl
Zoriontsu egin ditu Saintsek New Orleanseko biztanleak
Lehen titulu handia lortu zuen herenegun Indianapoliseko Colts taldeari 31-17 irabaziz. Drew Brees zelaiko mariskala izan zen partidako izarra.
GARA | MIAMI
«Ekaitzaren ostean barealdia dator» esaldia inoiz baino presenteago dute New Orleanseko biztanle guztiek. «Katrina» izeneko urakanak hiria deuseztatu zuen 2005ean, milaka hildako utziz. AEBetan azken urteetan izandako hondamendirik handiena izan zen hura.
Igande egunsentian, aldiz, duela bost urte bizitako amesgaiztorik larriena behingoz ahaztu, eta New Orleanseko Saints taldearen garaipen itzela ospatzeko kalera atera ziren biztanleak. Izan ere, hiri horretako futbol amerikar taldeak Super Bowleko 44. edizioko txapeldunen titulua lortu zuen Indianapoliseko Colts-en aurka 31-17 irabaziz.
Europan futbola baldin bada kirol guztietan jaun eta jabe, AEBetan futbol amerikarra da ikusle gehien biltzen dituen jarduera. Horregatik, New Orleanseko biztanleek arrazoi osoz ospatu zuten garaipen handia. Gainera, lehen aldiz irabazi zuen Saintsek titulu hau, eta norbait bereziki nabarmendu behar izatekotan, Drew Brees zelaiko mariskala aipatu behar. Partidako jokalaririk onena izendatu zuten, 32 pase osatu baitzituen 39 saiakeretan, 288 yarda osatuz eta bi touchdown pase emanez -jokalariak, baloia eskuetan, aurkarien marra gainditzea-. «Sekulako urtea izan da. Nire alaba jaio da, eta orain Super Bowleko lehen titulua lortu dut. Benetan txundigarria», adierazi zuen Bressek.
Jokalaririk helduena
Anekdota gisa, azpimarratzekoa da Matt Stover Indianapoliseko Colts taldekoa Super Bowla jokatzen inoizko jokalaririk helduena izan dela. 42 urte bete zituen iragan urtarrilaren 27an.