GARA > Idatzia > Kultura

Maitasun eta erotismo istorio bat, Julio Medemen «Room in Rome» lan berrian

GARA | MADRID

«Room in Rome» filmeko lehen irudiak ikusi ondoren, Julio Medem zuzendariaren lan berria maitasunez eta erotismoz betetako istorio bat dela esan dezakegu. Bertan, Elena Anaya eta Natasha Yarovenko antzezleak ikusi ahalko dira, Alba eta Natasha pertsonaien paperean. Donostiako zuzendariak atzo aurkeztu zuen lan honen trailer ofiziala.

Aurkezpena egitearekin batera eskatu zuen, bestalde, Interneten bidez zabaldu den trailerra gelditzeko. Izan ere, hor sexuz betetako irudiak baino ikusten ez zirenez pelikula pornografiko bat zirudiela azaldu zuten. Morena Films ekoizleak azaldu duenaren arabera, norbaitek behar ez bezala lortutako irudiak dira trailer horrek erakusten dituenak.

Lan berrian, zuzendari eta gidoilari jardun du Medemek, Matias Bize txiletarraren «En la cama» filmaren moldaketa askea eginez. Han agertzen den bikote heterosexualaren ordez, bi emakumeren istorioa azaltzen du, Erromako erdiguneko hotel batean ezagutzen dutenak elkar. Bi pertsonen arteko harremana aztertzen du, eta sexuak garrantzi handia izan arren, euren arteko elkarrizketek erlazio sakonago baten bidea erakusten dute.

Medemek azaldu duenari jarraituz, «Caótica Ana»ren porrotaren ondoren, benetako erronka bat izan da zortzigarrena duen film luze hau. Musikari dagokionez, Jocelyn Puck eta Russian Red taldeak entzun daitezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo