GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Haitiko hondamendia egun baten ondorio ez denez, konponbidea ere luzarora soilik lor daiteke

Hilabete igaro da lurrikara bortitz batek Haiti suntsitu zuenetik. Ordura arte munduko herrialde txiroentzat jotzen zena are txiroago bihurtu zen bat-batean, itsasoaren kolpe baten ondorioz. Nolanahi ere, hondamendia urteetan zehar egindakoaren ondorio zela nabarmendu zuten askok orduan, naturaren eraso hura gizakiak eragindako tragediaren mukurua besterik ez zela, alegia. Haitik interes inperialisten arabera kudeatutako krisi estrukturala jasan du hamarkadetan eta krisiaren areagotze honekin ere berdin gertatu da. Giza laguntzaren banaketarekin gertatzen ari dena da, ziur asko, jokabide zital honen adibiderik argiena. Nazioarteko erakundeak euren artean lehian ari dira, «gizatiarragoa» nor den jakiteko lehia honetan gizakia delarik galtzailea, dena galdu duten haitiarrak hain zuzen ere. Zentzu honetan, Rene Preval haitiar agintariaren ikuspuntua lizuna da guztiz. Bere esanetan, txiroak ez dira kaltetuenak izan, lurrikararen aurretik ezertxo ere ez zutelako, eta zer edo zer galdu duen «klase ertainari» erreparatu behar zaio. Argi dago Haitiren berreraikuntza epe luzerako lana dela. Gehiengoaren interesak beste gauza guztien aurretik jartzea, ordea, premiazkoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo