GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atez ateko bilketa sistema Gipuzkoa osora zabaltzeko apustua egin dute Usurbilen

Ahaldun nagusiari errauste-plana sei urtez atzera dezaten eskatuko diote usurbildarrek. Tarte horretan erraustegirik gabeko zabor kudeaketa posible dela erakutsi nahi dute, atez atekoa Gipuzkoa osora hedatuz.
p018_f02.jpg

Janire ARRONDO | USURBIL

Atez ateko zabor bilketarekin lortzen ari diren emaitzak eskuetan hartuta ¯hondakinen %80 baino gehiago birziklatzen dute¯, ekimena Gipuzkoako gainerako herrietara zabaltzearen aldeko apustua egin dute Usurbilen. Atzo, aurkeztu zuen hango alkate Xabier Mikel Errekondok «proposamen berritzailea».

Horretarako, baina, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanori usurbildarrak egiten ari diren lana aintzat hartzeko eta errausketa plana gutxienez sei urtez atzeratzeko eskatuko diote. Herritarrei azaltzeaz gain, eragile sozialei ere proposamenarekin bat egin dezaten eskatuko diete.

«Aurreikuspen baikorrenak ere gainditu egin ditu Usurbilgo hondakin sistemak», esan zuen Errekondok. Gainera, kudeaketa modu honek gipuzkoarrek politikarekin lotzen dituzten baloreekin bat egiten duela azaldu zuen; alegia, herritarrekin bat eginik, herritarrak aintzat harturik. Bere ustean, Aldundiak errausketa programan «teknologia okerra» aukeratu du; «herritarrak dira gure puntako teknologia», baieztatu zuen.

Beraz, «onartezina» da Errekondorentzat errausketa programan 400 milioi euro xahutzea, «are gehiago beste irtenbiderik badagoenean».

Gipuzkoara zabaltzen

Dagoeneko Hernaniko Udala eta Oiartzungoa, esaterako, hasiak dira lanean euren herrietan gaikako zabor-bilketa sistema ezartzeko. Baina, atzo, Gipuzkoako beste hainbat herritako ezker abertzaleko alkate eta ordezkariak ere hurbildu ziren Usurbilera. Tartean, Bergara, Orio, Azpeitia, Hondarribia, Legorreta, Irun, Arrasate eta Itsasondoko udaletako ordezkariek bertatik bertara ezagutu zuten hondakinen kudeaketa sistema hau.

Guztien izenean, Miren Legorburu Hondarribiko Udaleko zinegotziak, atez ateko zabor-bilketaren aldeko apustua egitea «ezinbestekoa» dela nabarmendu eta Usurbilen egiten ari diren lana «zoriontzekoa» dela esan zuen.

Atez ateko zabor-bilketa sistema behin betiko finkatzeko, azkenik, galdeketa egingo dute herritarren artean Usurbilen otsailaren 27 eta 28an. Errekondok boza ematera animatu ditu herritarrak: «Zuek izan zarete bi urtez lan egin duzuenak, beraz, erabaki ezazue, eta bozkatu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo