GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elkartasunak eta antzerkiak bat egiten dutenean... kabaret gaua

Gaueko Mahaia elkarteak gero eta ugariagoak dituen beharrei aurre egiteko Kabaret gaualdia antolatu du Baiona erdiguneko hiritarren bizitza-etxean larunbatean. Egunero behardunei janari beroa ematen dien elkarteak gero eta jende gehiago hartzen du; egun, ehun bat izaten dira gauero.

p020_f02_140x92.jpg

Idoia ERASO

Gaualdi kulturala eta dibertigarria izango da, eta aldi berean elkarteak behardunekin egunero garatzen duen jarduera ezagutzera emateko parada izanen da», azaldu zuen hiritarren bizitza-etxeko zuzendari Jean-Claude Darrigaudek. Larunbatean eginen den ekimenaren muina kultura eta elkartasunaren arteko entretenimendutzat definitu zuen.

Kabaret gaualdia eginen den bigarren urtea da aurtengoa. Iaz arrakasta handia bildu zuen eta elkartetxea guztiz bete zen. «Joan den urtean laurogei bat pertsona etorri ziren eta bakoitzak hamar euroko sarrera ordaindu zuen; era horretan, zortziehun euro lortu genituen, eta horrekin janari asko eros daiteke. Guretzat arrakasta handia izan zen», azaldu zuen Gaueko Mahaian lan egiten duen Olivierrek. Jean-Claude Darrigaudek arrakastaren beste ikuspegia nabarmendu nahi izan zuen: «Militanteak eta publiko zabala elkartzea lortu genuen joan den urtean. Aurten ere hori bera errepikatzea espero dugu».

Elkartetxeak klub baten itxura hartuko du, eta bertan Les Cou Lisses antzerki taldeak inprobisaziozko ikuskizuna eskainiko du. Elkartasuna gai hartuta, antzerki interaktiboa eginen dutela azaldu zuen Darrigaudek. «Elkartasuna izanen da gaia; ikusleek beren bizitzan maila horretan garrantzitsua izan den pasarte bat kontatu beharko dute eta antzezleek horren inguruan antzezpen komiko, tragiko edo misteriozko bat sortuko dute. Oso originala da».

Gaualdiak eskaintza zabala izanen du, horrela ikusle bakoitzari pintxo plater bat emango zaio jateko. Kabaret gau distiratsua elkarlanetik abiatuta. Les Cou Lisses-ekoek entseguak hiritarren etxean egiten dituzten bezala, pintxoak gauero behardunentzat janaria prestatzen duten boluntarioek egingo dituzte. «Ezagunen brigada deitzen diegu, parte hartuko duten pertsona guztiak hiritarren etxearen inguruan eta laguntzen lan egiten dutelako. Azkenean gauza miragarriak ateratzen dira elkarlanean arituz», nabarmendu zuen Darrigaudek.

Laguntza derrigorrezkoa

Laguntzeko nahia derrigorrezkoa zaie Gaueko Mahaikoei egunero afari bero bat eman ahal izateko. Bertan lanean aritzen diren pertsona gehienak boluntarioak dira eta janaria ere jendeak ematen duenetik heltzen da behar dutenen plateretara. Orain arazo nagusia haragia eta arraina eskuratzea izaten da. Osasunaren zaintza bermatzeko legedi berriaren ondorioz, elikagai horiek jasotzeko arazo handiak izaten ditu elkarteak. «Gaualdi honetatik lortuko dugun diru guztia haragia eta arraina erosteko izango da. Hotz katearen inguruko legedia atera zenetik ia ez digute horrelakorik ematen. Supermerkatu batzuk nahiago izaten dute bota guri eman baino», adierazi zuen Olivierrek.

Gero eta jende gehiago hurbiltzen da Gaueko Mahaira janari bila, Gabonetatik hona jende kopurua asko handitu da. Batez beste ehun bat pertsona izaten dira eta egun batzuetan 120ra ere ailegatu dira. Logistika mailan lana zailtzen ari da lekua ez dagoelako hainbeste jenderentzat prestatua. «Kopuruak handitzen segitzen badu, gure mugara ailegatuko gara eta ezin izango diegu zerbitzua denei eman. Oraingoz janaria ziurtatzen dugu, baina ez dakit noiz arte atxikiko dugun», aitortu zuen Olivierrek.

Joan den astean Hotz Handia plana bukatu zen, eta, hori dela eta, orain arte zeuden laguntza eskaintzak txikitu egin dira. Urtarrilean eskaintzen ziren ehun oheetatik orain hogeita lau besterik ez dira irekitzen gauetan. «Hotz Handia plana bukatu egin da, baina oraindik hotz handia egiten segitzen du», salatu zuen Olivierrek. Gauetan eskainia den ohe kopurua Gaueko Mahaiko langilearen arabera «ez da aski».

Bukatu berri den plana bezala, negurako antolatuak diren beste zerbitzu batzuk martxoan bukatuko dira. Gaueko Harrera Tokia eta Gaueko Mahaia martxoaren bukaeran itxiko dira heldu den udazkenera arte. «Laguntza azpiegitura hauek neguko bost hiletarako pentsatuak daude, baina apirilaren 1ean arazoak bertan segituko du; jendeak egunero janari beroaren beharra izaten segituko du», nabarmendu zuen Olivierrek. Erakundeek gai honekiko darabilten jokabidea salatzeko kanpaina mediatikoa antolatuko dute laguntza elkarteek heldu den hilabeteetarako, eta, besteren artean,manifestazio bat egitea aurreikusten dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo