GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Andoni Tolosa «Morau» Musikaria

SGAEren txekea

 

SGAEren txeke bat jaso dut. Bai SGAEren txeke bat. Postariak ekarri du gutun-azal handi baten barnean. Halako diru kopurua izanda, imajinatzen dut Donostia aldean azken egunotan izan diren pareko segurtasun neurriz inguratuta. Halako dirutza da, ezen ez baitakit burtsan inbertitu, inbertsio fondo bat zabaldu, dirua hamaika aldiz biderkatzeko gaitasuna duen espekulatzaile baten eskuetan utzi edo lege zaharrean, koltxoi azpian gorde, inoiz gerta daitekeen mundu mailako hondamendiaren ondorengo lehen egunetan aurrera ateratzeko modua izan dezadan....

Hauxe da SGAEren txekeek artista pobreongan duten lehen eragina; poza, poz neurtezina. Ametsak pizten dizkigu Espainiako egileak kudeatzen dituen elkarte edo entrepresak. Hortzak konpondu ahal izango ditugu edota aspaldi behar genituen betaurrekoak erosi! Hori pagotxa! Lagun koitaduekiko zorrak kenduko ditugu edota putreen gisara gure atzetik setati, eta gero eta oldarkorrago, dabilen bankua, bolada batez, gainetik astindu.

Egileak garelako nahiz eta espainolak ez izan. Euskaldun egile pobreak, baina batez ere pobreak eta goseak ez badu aberririk SGAEren txekeek bai, langabezia sariek bezala,...

Baina galdera bat: noren dirua ote da txeke horretan bildutakoa? Segurako ile-apaintzaileena akaso? Donostia aldeko jubilatu elkarte batena? Sestaoko pobreziaren aurkako talderen batek bere apurra jarri ote du nire hortz berrietan? SGAErentzat egile guztiak ez baikara egile, edo maila bereko egile behintzat, baina edozein izan daiteke gure eskubideen biktima. Sosen bat duen edozein, noski. Eta lasai ibili, Ramoncin eta lagunek lehengaietan ordaintzeko sistema asmatuko dute halako batean, eta orduan sexu bidez ordaindu ahal izango dute, baita bakardadearen arnasa itzaltzeko leku publiko batean irratia piztuta duten etxebakoek ere.... oraingoz zorra pilatzen ari dira.

Diruak ez baitu arimarik, are gutxiago SGAErenak, baina bai jatorria, normalean axola ez digun jatorria, bestalde.

Neuk txekea berriro begiratu dut, tolestu eta patrikan sartu. Ametsari ekin diot, lagunak, alu bihozgabe horiek, etorri eta, nire fortuna berriaren jakitun, tabernan potea ordaintzera behartu nauten arte. Kabroiek ardo ondu kopa bana eskatu dute, ardo onduak Gipuzkoan daukan prezioarekin... akabo SGAEren txekearen erdia!!

Beraz, irakurle maiteok ez ezazue ikasbide hau inoiz ahaztu; SGAEren dirutzaren bat kobratzen baduzue, ez esan ezer lagunei, gorde isilean, lotoaren asmatzaile bakar direnek egiten duten moduan. Haiek bai azkarrak eta ez gu, artista (artisau) eskualdun pobreak.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo