Hondarribitarrek samina agertu dute Eñaut Labaienen heriotzagatik
GARA |
Eñaut Labaienen heriotza salatzeko, 24 orduko lanuztea burutu zuten atzo Atarrabiko Newark San Andres enpresako langileek. 250 langilek elkarretaratzea egin zuten enpresa atarian. Era berean, Atarrabiko Udaleko Langile Batzordeak bi orduko lanuztea deitu zuen.
LAB sindikatuak lantokiko langile guztien «elkartasun eta aldarrikapen jarrera» txalotu zuen eta lan istripuak amai daitezen «horrelako erantzuna ematea» ezinbestekoa dela adierazi zuen. Labayen, 33 urteko Hondarribiko bizilaguna eta bi seme-alaben aita, asteartean zendu zen lan istripuz. Hondarribiko ezker abertzaleak, ohar baten bidez, baita Newark-eko enpresa batzordeak ere, doluminak adierazi zizkioten atzo Labaienen senide eta lagunei. Azken hauteskundeetan ezker abertzalearen zerrendako hautagai izan zen Labaien eta bere ama talde honetako zinegotzia izan zen 1999-2003 legealdian.
Era berean, Hondarribiko ezker abertzaleak irmoki salatu zuen «lan munduan ezbeharrak ez direla halabeharraren ondorio, langileen segurtasun baldintzak bermatu beharko lituzketen enpresarien arduraga-bekerien ondorio baizik». Hala, Labaienen heriotzak hondarribitarrak gogor kolpatu dituela azaldu zuen, urte luzez herriko Arraun Elkarteko eta ezker abertzaleko kide zelako eta «Euskal Herri aske eta sozialistarekiko erakutsitako konpromisoa hor geratuko da betiko», adierazi zuen.
Newwark-eko enpresa batzordeak berriz, enpresako zuzendaritzak, baita administrazioak ere, langile guztien osasuna bermatu behar duela nabarmendu zuen. Prebentzio neurri bakar bat ere ez dagoela inoiz soberan aldarrikatu eta «astean bitan langile bat bere lanpostuan hiltzea» ez dela normaltzat hartu behar azpimarratu zuten.
Gaur elkarretaratzea egingo dute Hondarribiko Miramarren, 20.30ean. Atarrabian, berriz, manifestazioa antolatu dute 19.00etan. Videcarteko langileek bi orduko lanuztea egin zuten atzoko elkarretaratzean parte hartzeko eta Atarrabiako manifestazioan ere parte hartzeko dei egin zuten.