Greipelek denboraldiko bosgarrena lortu du
GARA | BILBO
Herrikideak oporretan eta, alboan, Andre Greipel lan eta lan. Sariarekin, behintzat, Columbiako esprinterrak denboraldiko bosgarren garaipena eskuratu baitzuen, Challenge Mallorcako azken proba (Magaluf-Palmanova Saria) bereganatuz.
Esprintean irabazi zuen, nola ez -eta helmugatik 18 kilometrora gurpila zulatu arren-, Koldo Fernandez de Larrea eta Manuel Cardosori aurrea hartuz. Euskalteleko txirrindulariak garaipenetik gertu amaitu du Challengearen sailkapen konbinatuan ere, hirugarrena izan baita, Jens Voigt eta Andre Greipel beraren atzetik.
Elurra eta aldaketa
Lider aldaketa egon zen, bestetik, Mediterraneoko Tourraren bigarren etapan, ezohiko egoeran lehiatuta. Zero azpiko tenperaturak, elurra... Txirrindulariek sekulako ekaitzari aurre egin behar izan zioten eta, hala, ordu eta erdiko atzerapenaz heldu ziren Tretsera. Helmugaratu aurretik, Garzellik, Martinek eta Turgotek osatutako ihesaldiak ipini zion saltsa egunari, baina tropelak harrapatu zituen.
Eta esprinterrak prest zeudela, Jussi Veikkanenek (Française des jeux) salto egin zuen, garaipena eta lidergoa segundo gutxi batzuen abantailaz lortzeko.
Boonen, etxean bezala
Dudarik ez dago, Tom Boonen gustura aritzen da Qatarreko errepideetan. Atzo lortutako garaipena, izan ere, bertan lortu duen hamazazpigarrena da, eta sailkapen orokorra ere hiru aldiz irabazi du.
Atzo lehiatutako bosgarren etapa esprintean erabaki zuten txirrindulariek, Quick Stepeko txirrindulariaren garaipenarekin, Danilo Napolitano eta Edvald Boasson Hagenen aurretik. Sailkapen orokorrean, baina, ez du aurrerapausorik eman Boonenek eta, etapa bakarra falta dela, hirugarren postuan jarraitzen du, Wouter Mol liderrarengandik 1,45 segundora.