GARA > Idatzia > Kultura> Musika

«Abesten duen gitarra-jotzaile gisa irudikatzen dut neure burua»

p056_f01_97x164.jpg

Joseba IRAZOKI

Musikaria

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Gutxi izango dira Joseba Irazokik adinako sortze gaitasuna izan duten euskal musikariak azken urte hauetan guztietan. Gitarrista aparta, asko izan dira lagundu dituen bandak eta bidean grabaturiko diskoak. Egun, Petti, Rafa Rueda, On Benito, Do edo Atom Rhumba taldeak tartekatzen ditu bere ibilbide pertsonalarekin. Aurten, gitarra eskolak alde batera utzita, musika lanbide gisa hartzea erabaki du, bere jarduna rock giroetara bideratuz. Kortxoz egindako eskulan ederrean jantzia datorren «Euria ari du» (Moonpalace records) disko berrian Josebaren alderik lasaiena topa dezakegu, gustuz eta soseguz egindako kantu atmosferikoetan.

Azken urte hauetan guztietan hainbat abenturatan murgilduta ikusi zaitugu: On Benito, Onddo, Do, Joseba Irazoki, Atom Rhumba... Nola erabakitzen duzu kantuen sorkuntza nora bideratu?

Kantu bat sortzen hasten naizenean, ez dut buruan izaten zein proposamenera bideratuko dudan. Kantuak etxean sortzen ditut, gitarrarekin, eta denborak esaten du gero non duen bere tokia. Kantu lasaia baldin bada, normalean nire proposamen pertsonalera bideratzen dut. Kantua `kañeroagoa' bada berriz, On Benitoren kantu zerrendara doa zuzenean. Kantuaren izaeraren araberakoa da erabakia.

Musika munduan aspaldidanik ibili arren, aurten erabaki duzu musikaz bizitzea.

Ez da lehen aldia musika lanbide hartzen dudala. Urteak atzera dantzaldietan aritu nintzen, baina honakoan rock-a eta nire proposamenak dira jorratu nahi dudana. Urteak eman ditut musika irakasle gisa, baina ohartu naiz ez dela nire bokazioa. Une honetan erabaki dut musikari buru-belarri ekitea: Petti eta Rafa Ruedaren ondoan ibiltzen naiz, eta orain Atom Rhumban parte hartzeko aukera suertatu zait, bai eta antzerki batean musikari aritzeko ere... Ez da erraza talde asko tartekatu behar ditudalako, baina ez dut aspertzeko betarik. Erabakia hartu nuenetik hilabete batzuk pasa dira, eta gustura nago egiten ari naizen bidearekin.

Disko berrian murgilduz, «Euria ari du» argitaratu berri duzu. Lan lasaia da, sosegatua, atmosferikoa...

Nire bakarkako diskoak nahiko lasaiak dira orokorrean. Onddo proposamena izan zen bakarka egin nuen lehendabizikoa, eta hortik aurrera horrelakoak izan dira segidan etorri direnak. Diskoa lasaia da, musika tresna askorik gabea, patxadan entzuteko. Badira zenbait kantu nota bakarrean eginak, erritmoak behin eta berriz errepikatzen direla.

Kantu guztiak zure sorkuntza dira, baino ez duzu hitzik idatzi disko honetarako. Idazletzat baino musikaritzat duzu zeure burua?

Bai, horrela da. Ez dut sobera irakurtzen. Poesia pixka bat, musika aldizkariak... Letrak egiteari ez diot behar den denbora eskaintzen, eta hori nabaritzen dut. Onddoren diskoan egin nituen hitzak, eta gustura geratu nintzen arren, ez zela nire kontua konturatu nintzen. Nire lehengusu Mikel Tabernak letra batzuk pasa zizkidan, eta beste zenbait kolaboratzaile ere baditut: Daniel Irazoki, edo Joxerra Gartzia esaterako. Eroso sentitzen naiz lagunen hitzak musikatzen, eta oso identifikatua sentitzen naiz diskoan dauden hitzekin. Hala ere, gustatuko litzaidake nire hitzak egin eta nire kantuetan erabiltzea. Aurrerago akaso.

Kantu hauek sortzeko gitarratik abiatu zara...

Bai. Beti. Ni gitarrista naiz, eta hortik hasten naiz sortzen. Abesten duen gitarra-jotzaile bat naizela esaten dut beti, eta nire lan era hori da. Gustatuko litzaidake beste musika tresna batzuekin saiakerak egitea, baina oraingoz gitarra da abiapuntua.

Diskoa Moonpalace diskoetxearekin argitaratu duzu. Eta une berean deskarga librean jarri duzu sarean.

Moonpalace zigilu txiki bat da, baino oso interesgarria da egiten duten lana. Gustuko dut duten lan egiteko era, eta horregatik erabaki dut disko hau beraiekin argitaratzea. Zigilu honetako edizio gehienak mugatuak dira, eta, hortik, sarean zintzilikatzearen ideia. «Euria ari du» diskoaren 100 kopia argitaratu dira, eta dagoeneko salduak dira denak. Musikari bezala, nire musika hedatu dadin nahi dut, eta bide horretarako Internet sarea gauza handia da. 300 deskargatik goiti izan dira hilabete gutxian eta hori ez naizela diskoa zuzenean aurkezten hasi.

Bi izen propio topatu ditut diskoaren kredituetan: Josetxo Anitua eta Mikel Errazkin.

Diskoa Mikel eskaini diot, eta Josetxori, berriz, kantu bat. Mikel Errazkin gertutik ezagutu nuen, bera izan zen nire alde apustu egin zuen lehenetarikoa eta horretan lagun-minak bilakatu ginen. Galera handia izan da, bai pertsonalki, bai musikari bezala ere. Josetxo, aldiz, duela gutxi ezagutu nuen Bilboko Kafe Antzokian, eta gerora Arto-Artian egitasmoaren baitan egin genuen topo zenbait bileretan. Diskoa egiten ari nintzela hil zen, eta kantu bat eskaintzea erabaki nuen. Biak, bakoitza bere eremuan, garrantzitsuak izan dira Euskal Herriko musika eszenan.

Kantu sorkuntza etengabean bizi zara.

Bai, agian gehiegi. Gabonetan deliberatu nuen konposatzeari uztea denboraldi batez, egindakoa begiratu eta hausnarketa txiki bat egiteko. Gustatuko litzaidake bolada luze batean kantuak egiteari utzi eta musika tresna eta estilo ezberdinen lanketan murgiltzea. Alta, ez dakit geldirik egoteko gaitasuna izango dudan.

HITZAK

«Eroso sentitzen naiz nire lagunen hitzak musikatzen. Alta, gustatuko litzaidake egunen batean kantuetan nire hitz propioak erabiltzea»

MUSIKARI

«Proposamen ezberdinetan murgilduta egotea gustuko dut. Musika era anitzak lantzeko aukera ematen dit eta hori aberasgarria da»

Fitxa

Otsailak 21: 20.00. Bukowski (Donostia). + Joan Colomo.

Martxoak 4: Baiona.

Martxoak 19: Psylocibenea (Hondarribia).

Martxoak 24: Bilbo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo