GARA > Idatzia > Kultura

Aipagarriak

Urdaibaietz! ekimenak eztabaida piztu nahi du Busturialdean

«Busturialdeko etorkizuna denon artean erabakitzeko eskubidearen alde», web atarian agertzen dutenez, eskualdeko hiru talde batu eta Urdaibaietz! plataforma edo mahaia sortu dute. Eta Guggenheim Urdaibai museo berriaren egitasmoarekin Bizkaiko Aldundiak eztabaidarako eta erabakiak hartzeko duten eskubidea urratu dietela-eta, deia luzatu diete Busturialdeko herritarrei, eztabaidan eta antolatutako ekimenetan parte har dezaten.

p058_f01_199x112.jpg

A. BILBAO | BILBO

Sukarrietako Txatxarramendi elkartea, Zain Dezagun Urdaibai elkartea eta Abiñako Auzo Elkartea Busturialdeko taldeak izan dira, Iñaki Uriarte arkitekto ezagunarekin batera, Urdaibaietz! herri plataforma prentsaren aurrean aurkeztu dutenak, baina askoz gehiago dira beren eskualdeko etorkizunaz kezka behin baino gehiagotan agertu dutenak. Eta guztiak eztabaidara bildu nahi ditu Urdaibaietz! sortu berriak.

Plataforma edo mahai sortu berriak hiru puntutan laburtu nahi izan zuen atzoko jarduna. Hasteko, «egungo legediari jarraituta, ezinezkoa da Sukarrietako umeen kolonia inguruetan ezer eraikitzea -bizkaitarrei ezkutatu egin zaie datu hau-, Ricardo Bastidak sortu eraikina behera botatzen ez bada», azaldu zuen Abiñako Auzo Elkarteko lehendakari Jon Martinezek. Jarraitzeko, «inguruko bizilagunok eskubidea dugu Busturialdearen etorkizuneko diseinuan parte hartzeko, eta aipatu eskubidea ukatu egin zaigu behin eta berriro, eta orain ere horrela egin dute, Guggenheim berriaren afera honetan». Eta, bukatzeko, elkarlan honetan hasteko ardatz edo abiapuntu gisa, «Guggenheim Urdaibai egitasmoaren inguruko berria zabaldu baino lehen, Jose Luis Bilbaok (Bizkaiko ahaldun nagusia), BBK-k eta Guggenheim Fundazioak ehunka milioi euroko pastela hirutan banatu zuten, eta beraiena baino bizkaitar guztiona dena patrikaratu, bidelapurrak balira legez», Martinezek salatu zuenez. Gero, «egitasmoa saldu nahi izan digute -oraindik aurkeztu ez digutena-, hitz gozoak eta promesa andana eginez».

Eztabaidari bide eman

Eztabaidari bide emateko ekitaldi batzuk prestatu ditu Urdaibaietz! plataformak, datorren astelehenean Gernikako kultur etxean plataforma jendaurrean aurkeztu ostean, apirilean zehar burutzeko.

Txantxarramendi taldeko (Sukarrieta) Iñaki Biterik azaldu zuenez, Gernikako batzar zabala egin eta gero, apirilaren 21ean, asteazkena, «Guggenheim Bilbao, balantze kritikoa» mahai-ingurua egingo dute, Busturiako Torremadariagan, eta biharamunean, apirilak 22, «Euskal kultura, diagnostiko eta beharrak» izango dute hizpide Bermeon. Apirilaren 23an berriz, lehengo ekitaldi sorta amaitzeko, «Urdaibai, 25 urte eta gero zer?» gaia jorratuko dute Gernikan. Hizlari eta parte hartzaileen izenak, aurrerago iragarriko omen dituzte.

Bestalde, Iñaki Uriartek Sukarrietako kolonietan den eraikina kultur ondare izendatzeko eskaria zertan den azaldu zuen, Abiñako auzo elkarteak Lakuako Kultura Sailari ekainaren 12an eskatu ziona. Arkitektoaren esanetan, Bastidaren eraikinak makina bat balio ditu babestuko lukeen izendapena jasotzeko; museo berri bat egiteko egitasmoa bertan behera bota lezakeena, «legediaren arabera, eraikin berri bat jasotzeko aurrekoa behera bota beharko bailukete», arkitektoak berretsi zuenez. Gainera, ezohikoa bada ere, eskaria aztertzen ari direla dioen gutun bat jaso dutela esan zuen Uriartek.

Plataformak dagoeneko web atari bat ere ireki du (apurka-apurka edukiz beteko duena, www.urdaibaietz.org, eta Facebook sarean 921 lagun zituzten atzo.

PARTE HARTZEA

Bat egin duten elkarteek, herritarrek Busturialdearen etorkizuneko diseinuan parte hartzeko eskubidea dutela aldarrikatu eta Aldundia salatu zuten aipatu eskubidea urratzen duelako.

Hitzorduak

Otsailak 15: Urdaibaietz! taldearen aurkezpen publikoa. 18.30ean Kultur Etxean (Gernika).

Apirilak 21: «Guggenheim Bilbao, balantze kritikoa». Torremadariagan (Busturia).

Apirilak 22: «Euskal kultura, azterketa eta beharrak». Bermeon.

Apirilak 23: «Urdaibai, 25 urte eta gero zer?». Gernikan.

Urdaibaietz! taldearen abiapuntuko dekalogoa

Urdaibaietz! taldeak hamar puntuko agiri bat prestatu du, atzo Zain Dezagun Urdaibai taldeko kide Edorta Jimenez idazleak laburtu zuena. Agirian, Busturialdea eskualde historikoa aurkeztu eta UNESCOk 1984an Urdaibai Biosferaren Erreserba izendatu zuela gogorarazi dute, baita Gasteizko Legebiltzarrak Urdaibai Biosferaren Erreserbari buruzko legea ebatzi zuela, «aho batez ebatzi ere». Eratu berri den plataformak baina honakoa dio: «Orduan egindako lehen urratsok ez zuten jarraipenik izan eta izendatzeak zabaltzen zituen bideak ez dira modu eskasean baino erabili, eta urteotan eskualdearen krisi egoerari aurre egiteko sorturiko plangintzak ez dira bete».

Horretaz gain, «Urdaibaiko Guggenheim Museoaren proiektua hedabideen bidez ezagutu dugu», salatzen dute, «eta oraindik ere ez dakigu zertan den».

Egoera honetan eskualdeari buruzko eztabaida eta erabakiei buruzko prozesua zabaldu behar dela deritzo Urdaibaietz! plataformak. Beraien esanetan, «ahaldun nagusiak eta eskualdeko alkate batzuek proiektuaren aldeko kanpaina sutsua egiten dihardute», eta eskualdeaz hitz egin beharrean museoaz hitz egitera behartu nahi dituztelakoan daude. Eta plataformari, «iruzurra» iruditzen zaio aipatu kanpaina, «ez etikoa».

Esandako guztiagatik, «eskualdearen etorkizunari buruzko eztabaida sorrarazi, sustatu eta bideratzen lagundu nahi du» Urdaibaietz! taldeak, eta «abiarazle zeregina bete», prozesu horretan «parte hartzeko gogoz den ororekin lan egiteko asmoz».

A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo