GARA > Idatzia > Kultura

Aipagarriak

Aurre eta Amuriza, koplen estetika eta espiritua babestearen garrantziaz

A. A. | BILBO

«Laburrean aritzeak ez du esan nahi koplatan ari garenik», azaldu zuen atzo Jon Aurrek. Berak eta Xabier Amurizak eman zioten hasiera Bilbo Zaharra Forum literatura jardunaldien denboraldi berriari. Herri literatura izango da lau ostegunetan mintzagai eta atzokoan koplak hartu zituzten ahotan.

Hasteko, argi utzi zuten bertsoa eta kopla ez direla gauza bera. «Koplak ez dira bertso txikiak, ez dira berdin. `Peru Abarkan' bertan ere ez da agertzen `bertso' hitza, `laukoa' agertzen da. Bertsolaritza koplaritzaren esparrura sartzen ari da eta bertsotu egiten du kopla», esan zuen Aurrek. Amuriza, berriz, koplaren espiritua mantentzeaz mintzatu zen: «Ondo dago bertsolaritza koplan sartzea, baina onena izango litzateke koplaritzaren espiritua bertsotan ere aplikatzea. Bertsolaritzak izan dezake funtzio diskurtsibo gehiago. Kopla txikia da, funtzio ludikoa dauka, dotorea, ondo pasatzekoa. Funtzio estetiko eta artistikoa dauka eta izan behar du», esan zuen.

Izan ere, pixkanaka ugaritzen ari dira hainbat herritako kopla lehiaketak eta bertsolariak izan ohi dira bertan parte hartzen dutenak. Txapelketa Nagusian ere, finalaurrekoetan koplatan aritu behar izan zuten bertsolariek. Aurre eta Amurizak ez dute eragozpenik ikusten honelako ekitaldietan, baina bertsogintzak koplagintza irensteak kezkatzen ditu. «Koplaren estetika errespetatuko eta garatuko balitz, horrelako jaialdiak ongi egongo lirateke».

Egitura eta errepikak

«Kopla bakoitza da poema bat. Astotxo bat baneuko/ bustan zuriegaz/ Ermura joateko/ gona gorriegaz. Hor kolore batzuk daude, elipsiak...», azaldu zuen Amurizak. Bertsoek, ordea, diskurtso bat jarraitzen dute eta sorta bat izanez gero, lotura izaten dute euren artean. Koplak solteak dira, baina denek dute euren zentzua eta gainera, agian, hurrengo erromerian aldatu egingo da.

Izan ere, erromeriako koplak dira Bizkaian ugarienak, nahiz eta agian garrantzitsuagoak erlijiosoak diren, Santaeskekoak, esaterako. «Jendea erromerian ez dago entzuten koplaren zentzua». Bestalde, koplekin erradiografia bat egin daiteke, orduko bizitza islatzen da, «baina eurek ez zuten horretarako egiten, guk deduzitzen dugu hori».

Datorren ostegunean, Gontzal Mendibil eta Iñaki Irazu bertso-paperen inguruan arituko dira Iparragirrerenak oinarri hartuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo