GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josu Jimenez Maia I Idazlea

Biba Xaho XXI. mendeko Eskual Herrian!

Koherentea bizitza osoan, Xahok erdal justiziaren jazarpena pairatu zuen, baina hil arte izan zen koherentea: izan ere, Xahok izan zuen elizkizunik gabeko lehen hileta Euskal Herrian...

Hegoaldeko jende gutxik ezagutzen du Agosti Xaho, laster, jaio zeneko bigarren mendeurrena izanen den arren. 1811ko urriaren 10ean, Atharratzen, sortu zen zuberotar bitxi honek bi ardatz nagusi izan zituen bizitza osoan zehar: batetik, erlijioa katolikoa borrokatu zuen; bestetik, Euskal Herri aske eta euskalduna izan zuen xede eta amets.

Xaho euskal abertzaletasunaren muina aldarrikatu zuen lehena izan zen: «Biba independentzia!» 1848an aldarrikatu zuen; Xaho dugu, beraz, abertzaletasunaren aitzindaria. Hari zor diogu «Zazpiak bat» leloa, ez dezagun ahantzi.

Euskaldun bitxi eta berezia, inondik ere. Izanez ere, zer zen Xaho? Izaera konplexuko gizona, erromantikoa, masoia, esoterikoa, ezkertiarra eta errepublikazalea zen: hitz batekin errateko, iraultzailea zen. Anarkismotik gertuko ideiak zituen, eta sineskeria katolikoaren aurkako amorratua izanagatik, euskal populuaren alde aritu zen borrokan. Horregatik, Hegoaldera etorrita, Zumalakarregiren alde aritu zen lehenengo karlistadan. Nafarroa Garaian barna egindako kronika idatzirik utzi zigun, haren «Viaje a Navarra durante la insurrección de los vascos» edo «Nafarroara bidaia euskaldunen matxinadaren garaian» liburua.

Era berean, Aitorren kondaira idatzi zuen. Egia da Arturo Kanpioni zor diogula liburu hori frantsesetik itzuli izana -«La leyenda de Aitor» izenez ezaguna-, baina Xaho horretan ere izan zen aitzindaria: aitzindari aitonen semeak erabiltzeko orduan; aita onen semeak esapidetik eratorritako esakunea da, finean. Gerora, ezagun da bai Iruñeko Arturo Kanpion-ek, bai Vianako Navarro Villosladak baliatu zutela Aitorren semeak moldearekin.

Koherentea bizitza osoan, Xahok erdal justiziaren jazarpena pairatu zuen, baina hil arte izan zen koherentea: izan ere, Xahok izan zuen elizkizunik gabeko lehen hileta Euskal Herrian... Baionan hil zen 1858ko urriaren 23an, artean 47 urte baizik ez zituela. Zer ez zuen eginen gehiago bizi izatera! Zinez, ezinbestekoa da euskal jendearentzat Atharratzeko euskal iraultzaile honen berri izatea, haren lanak, pentsaerak eta egitasmoak aldarrikatzea.

Duela hamar urte, Joxemiel Bidadorrek artikulu bat idatzi zuen Guardia Zibilak itxi zigun «Euskaldunon Egunkaria»-n. «Biba Xaho! Biba Eskual Herria!» zuen izena artikuluak, milurteko berriaren atarian idatzia. Han Bidadorrek gaztigatzen zigun: «Ez liteke ideia txarra Zubero aldean fundazioren batek Xaho saria eraikiko balu literatura edota bestelako arloren batean eginiko lanaren bat sariztatzeko. Tamalez, ezkor gara, eta lehenengoa zaila bada bigarrena are zailagoa dakusagu».

Hori zioen lagun tuterarrak, baina, zorionez, ez zuen asmatu guztiz: Agosti Xaho saria izan, bada, aurten Txomin Peillen sariduna izanik. Bestalde, hamar urteren buruan, zerbait-zerbait ari da gauzatzen Iparraldean hurrengo urteari begira, Agosti Xahoren jaiotzaren bigarren mendeurrena behar bezala ospatzeko. Xahoren adiskideak izeneko elkartea duela bi urte sortu zen eta Xaho hil zen egunaren urteurrenaren karietara omenaldia egin diote azken bi urteotan.

Agosti Xaho oso-oso berezia zen, baiki. Gaur egun ere, nor ez da berezia? Halere, eta berezitasunak berezitasun, garrantzitsuagoa izan behar da elkartzen gaituena bereizten gaituena baino. Behar-beharrezkoa dugu indarrak biltzea eta hurrengo urteari begira Xahoren aldeko aldarria lau haizetara plazaratzea.

Egin bitez bilerak eta hitzaldiak, antolatu bazkariak... Baina, halaber, sor dezagun Internet bidez blog edota foro bat; «Agosti Xahoren abenturak eta kalenturak» izeneko aplikazioa Flash bidez; goian aipaturiko liburua komiki bihurtu; Xahoren kantutegia mp3 formatuan eskaini, «Xaho lehen karlistadan» bideo-jokoa garatu, gure umeek ikas dezaten nor izan zen zuberotar buruargi hori, film labur bat egin dezagun... edo film luze bat? Ez dezagun ahaztu «Braveheart» pelikulak gehiago egin duela Eskoziaren independentzia aldarrikatzeko Eskoziako klanen arteko hamaika eztabaida antzuek baino. Garaiz gabiltza.

Nire txikian, laguntzeko prest; eta testu honek balio izan badu Hegoaldeko baten batek Xahoren berri izan dezan, poz-pozik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo