GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Xabier Lekuona (2010/2/11)

39 egun

Eztabaida nazionala amaitu berri ostean kartzeletan galdetu beharko lukete zer den frantsesa sentitzea. Lorentxa Gimonek, nahita ere, ezingo luke frantsesa sentitu. Preso guztiak berdinak direla, berdin tratatzen dituztela entzunarazi digute sarri askotan. Euskal preso politikoa bazara egalité gutxi dago. Bakartuta biziko zara, zu bezalako beste inorekin harremanik izan gabe. Eta oraindik zalantzarik baduzu, bisitatzeko bost baimen soilik emango dizkizute. Nahi ez baduzu ere, konturatuko zara desberdina zarela.

Zazpi urteko alaba ikustea debekatzen badizute fraternité horrek zer esan nahi duen ahaztuko duzu. Eta liberté-z hitz egitea... Frantziako espetxeak bereziak dira, ez dirudite frantsesak.

Zure bizitzaren jabe dela uste duen zuzendari batekin topo egiten baduzu, arriskuan jarri beharko duzu bizitza beste edozein presok duen eskubidea izateko. 39 egun egon behar duzu mokadurik irentsi gabe beste presokide batekin euskaraz hitz egiteko. 39 gau egon behar duzu hiltzen estudiatzeko eskubidea izateko, gimnasiora joateko... errespetua irabazteko, zu ez irensteko.

Ikusi, ukitu, besarkatu eta Irati alabaren muxua jasotzen duenean orduantxe indarberrituko da Gimon. Biziraupenak jarraituko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo