GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maite Ubiria I Kazetaria

Isidro Mandela eta Arnaldo Adams

Elgoibartar bat kartzelaldi luzea pairatu dutenekin konparatu eta ardoa edatera, espetxean noski, bidali dutela ikusita, elurretan bezala, tentu handiz zapalduko ditut ondoko lerroak.

Badira 20 urte apartheid-eko presondegian 27 urte igaro ostean Nelson Mandela libro atera zela. Herra alboraturik, Hegoafrika berria eraikitzeko bere harrixka ezartzeko gomita luzatu zion gobernu arrazista babestu zuen zurien komunitateari.

Afrikako historian eta askatasuna maitatzen duten munduko herritar guzien oroimenean 1990ko otsailaren 11 urrezko hizkiekin idatzita dago.

Mandela bezala bere herria askatzeko borroka bidea hartu zuen Arafat hil berria zelarik, ukabila gora eta eskua luzaturik ikusi genuen Arnaldo Otegi Anoetako Belodromoan 2004ko otsailean. Konparatzeko asmorik ? Ezta burutik jota ere.

Istilurik ez sortzeko Aljeriara noa. 1989ko martxoan plazaratu zuen agiriaren bidez, elkarrizketa politiko irekiak zabaltzeko bete beharreko baldintzak azaldu zituen ETAk. Espainiako Gobernuak solaskidetzat hartu zuen erakundeak Jose Antonio Urrutikoetxea, Josu, Juan Lorenzo Lasa Mitxelena, Txikierdi, eta Isidro Garalde, Mamarru, militanteek kadira bana ukan behar zutela eleketa-mahaian aldarrikatzen zuen hirugarren puntuan.

Mandelak askatasuna berreskuratu zueneko 20. urteurrena kari, Espainiako Auzitegi Gorenak 10 urtez luzatu du Mamarru preso ondarroarraren espetxealdia. Irakurle kaskagogor horri nahas-mahas eragiteko joera igartzen diodanez, hauxe errepikatzera beharturik nago: kasualitate hutsa denez, aparteko gogoeta egitekorik ez dago.

Gatza ez da Mandela eta Mamarruk Hegoafrikatik euskal arrantzaleek legatza ekartzen dutela baizik ez du ezagutzen. Espainiar hemerotekara jo ezazue eta Otegik Anoetan jaso zuen ukabila mehatxuzkoa zela jabetuko zarete. Alta, Mandelaren eskumuturrak «harrotasuna» adierazten zuen. Euskal Herrian, afrikaner gisara, bereizketaren ametsa sustatzen duten hedabideek izaera hori aitortzen diotela irakurri dut gaur.

Eta biek ala biek luzaturiko eskua? Mandelarena beltza eta Otegirena -edo Adamsena- zuria. To! Bidea gaitza izaki ere, errealitatearen muina etengabe ukatzeak ibilbide motza du. Azalean sumatzen dugun haize berriak beste herri batzuk lehenik gozatu lurrina bera du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo