GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Noiz eta neguan izan!

Arrazoia gero Jesusen alderdiko santu ei ziren Simon eta Judas militante haiena! Negua da heldua. Eta neguan gainera! Noiz eta inork espero ez zuen neguan heldu da negua! Nora ez ote garen helduko! Klima aldaketa, seguruenik! Santu batek baino arrazoi gehiago zuen bikote hark; normala da, santu bi ziren eta! Hau kolpea! lehengoko aldapan espaloitik nire aurretik zihoanak hartu zuenaz nago orain, airean bizpahiru buelta ikusgarri eman ostean, aztarrika, lurra muturrez hartu zuenekoa; zelan ikusaraziko nizuke nik han ikusia? esan dezadan, aita santuak hegazkinetik jaistean beste modu batean musukatzen du zementua, ez dakit, samurrago edo, eta gainera aparteko garrasirik egin gabe, zerikusirik ez espaloiko harenarekin! Tira, harira! Bada bai, ez, ez ninduke harrituko Euskalmetek seme kuttun izendatuko balitu santu ei ziren igarle haiek, azken finean ez ziren nafarrak! Hortaz, Nafarmetek ez luke izendapena Konstituzionalera eramango; gainera, ezin izango luke eraman, Nafarroan ere errepideak elurrak hartuta baitaude, Euzkadin bezala. Hau atrebentzia! elur oldea atera egin da ETBko mapatik!. Ezker abertzalearen barneko eztabaidak ez zuela inor hotz utziko esan zuen lehengoan lagun batek, baina momentuz eguraldiak bestelakoa agindu du; ea, bada, laster beroketa globala gauzatzen den barru honetan! Ez baletor hobe, bizi gara pobre eremu latz honetan diote Haitin, Estatu Batuetatik laguntza modura bialdu dieten haragi gehien- gehiena uniforme batez bilduta heldu zaielako uhartera; marineak. Ez gara hain onak benetan esan ez baizik pentsatu egin dute, protokoloak uzten dien tarte motzean pentsatu ere, Lakuako sozialista ei diren horiek, eskuan inkesten bilduma dutela. Ez dugu abererik, ez gara hain aberatsak diote enpresaburuek malko transgenikoak ahoan; Ba dugu abererik, ez gara aberatsak, diote baserritarrek protestan, tetrabrikeratua izan nahi ez den esnea lurretik askatzen duten bitartean. Ba dugu zaldirik ez gara zaldunak diote eurozonako berrikuntza-buruek Donostiako moketatik auto elektrikoa laudatu nahian, zona bereko industria-buruek beste moketa batetik ohiko autogintza zelan indartu burutsu diharduten bitartean. Anti-istiluen unitateen furgonetak elektrikoak balira seguru manifa guztiak ekaitz-egunetan konbokatuko! Autoeriak, inauteriak. Ni kimu berdez mozorrotuko naiz, ea lurra behingoz gozatzen dudan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo