Juan Mari Agirreurretak bi eskuk idatzitako gutun batekin irabazi du Bergarako Amodiozko Lehiaketa
Bergaran urtero antolatzen dute Amodiozko Gutunen Lehiaketa. Hamazortzigarren edizioa izan da aurtengoa eta Agirreurreta izan da irabazlea. Guztira 62 gutun bildu ditu atzo sariak banatu zituen lehiaketak.
GARA |
Urtero otsailaren 14an ospatzen den San Valentin edo Maiteminduen eguna aitzaki hartuta, Bergarako Jardun euskara elkarteak XVIII. Amodiozko Gutunen Lehiaketa antolatu du. Aurtengoan, Juan Mari Agirreurreta Elosegik irabazi du lehen saria gutun bitxi batekin. Atzo egindako sari banaketa ekitaldian epaimahaiak azaldu zuenez, 32 urteko gazte honek «gutun motz eta originala» aurkeztu zuen, «ikuspuntu harrigarria lantzen duena». Izan ere, gutun bakarrean bi ikuspuntu sartzen ditu Agirreurretak.
Sari banaketa ekitaldia oso giro onean burutu zuten atzokoan Bergaran. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, saridunak ezagutarazteaz gain, aurkezpen bat egin ohi dute eta saridunek gutun irabazleak irakurtzen dituzte. Saritutako idazleak oso pozik agertu ziren.
Horrez gain, aurtengoan guztira 62 gutun aurkeztu dituztela ezagutarazi zuten antolatzaileak. Epaimahaia Jasone Osoro idazleak, Amaia Agirre bertsolariak, Gotzon Barandiaran kantari eta idazleak eta Imanol Sorondo iazko irabazleak osatu dute. Aurkeztutako lanei dagokionez, idazlanen artean «denetik» egon dela azaldu zuten; hau da, gutun klasikoak, aurrez aurre esateko modukoak, originalak... «Orokorrean gutunak maiteminduen artean bidalitakoak izan arren, gutun bakarrean bi ikuspuntu landu dituztenak ere izan dira». Bestalde, umorea landu duen gutunik ez dela izan nabarmendu zuten antolatzaileek. «Gehienbat gutun topikoak aurkeztu dituzte, urruntasuna eta maitasuna adierazteko ezintasuna oinarri dutenak», gehitu zuten epaimahaikideak. Horrenbestez, irabazlearen originaltasuna saritu nahi izan dute.
Gainontzeko saridunak
Bigarren saria Iraitz Salegi bergararrarentzat izan da. Saralegik bertso txapelketako txapelaren eta Maialen Lujanbioren arteko harremana landu du. «Gutun literarioa, amodioa eta gorrotoa lantzen dituena» da epaimahaiak ziurtatu zuenez. 19 urteko gazteak 250 euroko saria eskuratu du. Bergarar onena, ordea, Jasone Isazelaia izan da. Bere idatziaren protagonista alegiazko galtzerdi bat da. «Kaxoi itxi baten aurkitzen den galtzerdi alargun baten istorioa» kontatu du. «Bizitzako pasarte arruntak biltzen dituen gutun orijinala» da epaimahaiaren ustez.
Epaimahai gaztea
Epaimahai gaztea ere osatu du antolakuntzak. Gazteek Silvia Mariari eman diote saria maitearen urruntasunak sortzen dizkion oroitzapenetan oinarritu duen gutunagatik. Deiane Lage ere saritu dute «Arotzaren alaba» kantuan oinarritutako gutunagatik. Bi gutunen artean irabazle bakarra aukeratzeko zailtasunak eraginda, saria partekatzea erabaki zuen epaimahai gazteak.
Parte hartzeari dagokionez, oso positiboa izan da, aurreko urteetan baino gutun gehiago jaso baitituzte. Iaz 48 gutun jaso ostean, aurten 62 jaso dituzte. Gutunak Euskal Herri osotik heldu direla eta partaide gehienak emakumeak izan direla nabarmendu zuten antolatzaileek.
Juan Mari Agirreurretak irabazi du lehiaketa zuzenketak eta ikuspuntuak sartzen dituen gutunarekin. Bertan, gutun baten gainean beste esku batek egindako zuzenketak erantzun bezala uler daitezke. «Hirearekin batera bidaltzen dinat atzo jaso ninan gutunaren erantzuna. Ez otoi ulertu erabateko desadostasun gisa, baizik eta adostasun mugatu bezala». Horrela «maitea, egun aproposagorik ez diat aurkitu hirekiko maitasuna berritzeko» esaten zuen gutunaren gainean aldaketak sartzen ditu bigarren eskuak. Horren ordez, «egun desegokiagorik ezin huen aurkitu gure maitasuna berritzeko». Ikus daitekeenez, aldaketek esangura handiko erantzuna daukate gordeta. «Ikusiko duk, berriro zerotik hasteak haize berria ekarriko ziok harremanari, oso maite hau principito» dio jatorrizko gutunak. Erantzunak, ordea, «ikusiko dun, zerotik hasteak haize berria ekarriko zion horren maite dunan askatasunari». Joko orijinal hau orrialdetan luza zitekeen gutuna baino adierazgarriagoa da. GARA