Maider Eizmendi Kazetaria
Sukalde aldrebestua eta jatekorik ez
Ez dudala egin behar pentsatu eta hala ere behin eta berriz gertatzen zait. Sukaldean sartu eta konturatzerako hankaz gora jarrita daukat guztia. Saiatzen naiz atera eta erabili eta behar ez dudan hori berriz ere gordetzen, baita erabilitako platerak uretan pasa eta berriz ere erabiltzen, zuritutako pataten azalak zaborretara botatzen segituan, baina saiatuagatik, nahigabean, su ondoa hankaz gora jartzeko abilezia daukat. Erremediorik ez duen «joera». Telebistan sukaldean aritzen diren sukaldari horietakoa izan behar nuela esaten didate etxean maiz, «pintxez» inguratuta aritu beharko nukeela. Niri ez litzaidake inportako.
Emaitzarekin, horrenbeste endredo eta katramila emandakoarekin, saiatzen naiz samurtzen sukaldearen egoera; hura hankaz gora, jaso eta garbitutako guztiak alferrikakoak balira. Baina emaitza, ona, balekoa behintzat. Eta urdaila ondo eta goxoarekin beteta garbiketa lanak gustu handiagoz egiten dira.
Guztia hankaz gora jarri eta jateko modukorik prestatzen ez jakitea da benetako aldrebeskeria, justifikaziorik eta aitzakiarik gabekoa. Asko gorritu gabe joan dira, ordea, Euskal Herritik, berrikuntzaren aitzakian Donostiara etorri, inguruak nahastu, «sukaldea» zikindu eta inori gosea kentzeko ere balio ez duen «emaitza» lortuta. Zalantza daukat, ez oso sendoa hala ere, sukaldean sartzean, plater goxo bat prestatzea edota hura aldrebestea, bietatik zein ote zuten benetako helburu. Itxurak, izan ere, asko balio du.
Poliziaz, horien kontrolez, erabilgarritasuna baino itxurakeria gehiago zuten neurri-arazoz bete dute hiria; zer eta orri bete eskaseko adierazpen bat onartzeko eta lehendik ere ezagunak zirenak berritasun gisara aurkezteko, gainera. Horretarako horrenbeste endredo eta nahaspila. Sukaldera itzulita, erosketak egitera joan, dirutza gastatu horretan, sukaldea ez ezik etxe guztia ere «kristo» bat eginda utzi eta azkenean emaitza erre, ezerezean geratu, alegia. Horixe, sukaldariok emandakoa. Bada zertan gastatu eta inbertitu, baita eztabaidatu nahi zuten alorrean ere; sukaldari eta «pintxe» ondraduak behar dira, ordea.