GARA > Idatzia > Mundua

Gutxienez 20 hildako, Flandriako Halle hirian izandako tren istripuan

Bi trenek, lanera edo ikastera zihoan jendez gainezka, talka egin zuten Flandriako Halle hirian, Bruselatik gertu. Horren ondorioz, gutxienez hogei hildako izan ziren. «Flandriarentzat beste egun beltz bat da hau», esan zuen herrialdeko presidente Kris Peetersek.

p021_f01_199x116.jpg

GARA |

Gutxienez hogei hildako izan ziren atzo Flandriako Halle hirian, Bruselatik gertu, bi trenek elkar jota izandako istripuan, bertako alkate Dirk Pietersek adierazi zuenez. Halere, artean ofizialki zehaztu gabe zegoen biktima kopurua.

Flandriako Brabante probintziako gobernadore Lodewijk de Wittek azaldu zuenez, «konfirmaturiko hildakoak 18 dira, baina gehiago ere izan litezke». Iturri desberdinen arabera, 12tik 25era ziren hildakoak, eta zaurituak 150 inguru.

Bruselako Fiskaltzaren eledun Jos Colpinek esandakoari jarraituz, berriz, hildakoak hamar eta hogei bitartean ziren. Zaurituetariko hogeiren bat larri zegoela gaineratu zuen.

Larrialdi zerbitzuek, zaurituei laguntza eman ostean, trenen hondakinen artean zeuden gorpuak ateratzeari ekin zioten.

«Talka beldurgarria izan da, izugarria», azaldu zion France Presse agentziari besoan zauria jasan zuen Sylvie S.-k.

Bi lokomotorek bata bestearen kontra egin zuten talka, eta bagoiak irauli egin ziren. Istripua goizeko zortzi eta erdietan [ordu bera Euskal Herrian] jazo zen, jende ugari ari zela tren horietan bidaiatzen, lanera edo ikastera zihoazelako.

«Trenetako batek ez du errespetatu gelditzeko seinalea, eta abiadura handian jo du bestea», gaineratu zuen De Wittek.

«Benetako hondamendia da, herrialde osoarentzako dolua», esan zuen Walloniako ministro-presidente Ruddy Demottek. «Flandriarentzako beste egun beltz bat», nabarmendu zuen Flandriako ministro-presidente Kris Peetersek, AEBetan zenak.

Bi trenetako bidaiariak, orotara, 250 eta 300 inguru ziren, SNCB Belgikako tren konpainiako arduradun batek esan zuenez. «Bi trenetan izan dira hildakoak eta zaurituak», gaineratu zuen.

«Gutxienez 20 hildako daude», esan zien istripua jazo eta gutxira Halleko alkate Dirk Pietersek VRT Flandriako telebista publikoari eta Belga agentziari.

Halere, RTBF Belgikako telebista publikoak nabarmendu zuen tren batean hamabost hildako inguru eta bestean beste hamarren bat zeudela.

Enpresa publikoetarako Belgikako ministro Inge Vervottek adierazi zuen, bestalde, hain istripua larria izanda oso zaila zela hildakoen kopuru zehatza argitzea.

Trenetako batek Quievrain eta Lieja hiriak lotzen zituen. Bestea, kolpea jo zuena, Flandriako Lovainatik zetorrela, Walloniako Braine-Le-Comtera zihoan.

Liejan hamalau hildako eragin zituen gas-leherketa izan zen joan den urtarrilaren amaieran, eta handik oso tarte txikira gertatu da Halleko tren istripu hau. Belgikako lehen ministro Yves Letermek «lur jota» zegoela onartu zuen. Balkanetan zegoen Leterme, bisitaldi ofiziala egiten, baina bertan behera utzi zuen bidaia, Bruselara ahalik eta lasterren itzultzeko.

Belgikako errege Albert II.a ere ezbeharra izandako tokira bertaratu zen.

Bi trenek talka egin eta hiru ordura, elurpean lanean segitzen zuten larrialdi zerbitzuek, zaurituak esku-ohetan garraiatuz. Zauritu batzuei zangoak moztu behar izan zieten istripuaren tokian bertan.

Eragina Europa erdialdean

Istripuaren ostean, Bruselatik abiatzen diren abiadura handiko nazioarteko Thalys eta Eurostar trenen trafikoa eten egin behar izan zuten.

Estatu frantsesaren eta Belgikaren arteko joan-etorriak ere eten egin zituzten egun osorako, SNCF konpainia frantsesak esandakoaren arabera.

Horrez gain, ez zen trenik ibili Brusela eta Tournai artean, ezta Brusela eta Mons artean ere.

Doluko mezuak Europa osotik iritsi ziren Bruselara. Europar Batasunak Estatu belgikarrari laguntza eskainiko diola agindu zuen Jose Manuel Durao Barrosok, Europako Batzordeko presidenteak.

Belgikan hildakoak eragin zituen azken tren-istripua 2001eko martxoan jazo zen, bi trenek talka egin, eta zortzi lagun hil zirelarik. Hogei hildako eragin dituen tren istripu bat topatzeko 1954ra jo behar da.

testigantza

«Trena oso goxo zihoan. Bat-batean, hots-seinalerik gabe eta balaztari eman gabe, izugarrizko talka izan genuen», esan zuen Gaetanek, Bruselako klinika psikiatriko batean lan egiten duenak.

lekukotasuna

«Talka izugarria izan da. Bat-batean airean bidali gaitu birlak izango bagina bezala. Batzuek zoruaren kontra egin dute, besteek leihoen aurka», esan zuen Monsetik trenean zetorren Sylviek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo