Bilboko Guggenheim Museoak erakusgai jarriko du urteotan sortu duen bilduma
A. BILBAO | BILBO
Bilboko Guggenheim Museoak hirurogeita hiru artisten 103 artelan eskuratu ditu orain hamabi urte ateak ireki zituenetik, eta orain, bere ibilbidean aurrenekoz, hautaketa bat egin eta ikusgai jarriko du.
Erakusketa datozen hiru urteetan garatuko den ziklo baten lehen pausua izango da. Aipatu zikloak bildumaren ikuspegi zabala eskaintzea du helburu.
Gaur ateak irekiko dituen erakusketak iragan mendeko 50 eta 70 hamarkada bitarteko lanak izango ditu ikusgai (beheko solairuko 103A eta 105 aretoetan), arte banguardiaren erdigunea Parisetik New Yorkera aldatu zenekoa, II. Mundu Gerra ostean bertara jo zuten artista europearrak eraginda, besteak beste. Modu horretan, erakusketak museoaren bilduman oinarrizko ardatz izan den kontua agertuko du, «Europa eta AEBetako arte ikuspuntuen arteko elkarrizketa eta harremana».
Erakusketak Petra Joos du arduraduna, eta expresionismo abstraktua joera nagusia, hamalau artistaren lanen bitartez ikus daitekeenez. Tartean, Rothko, Motherwell, Klein eta Cy Twonblyren margolanak daude -edo Rosenquist eta Warhol pop art sortzaileenak-; baita Eduardo Chillida eta Jorge Oteiza euskal artisten eskulturak ere. Eta honetaz aparte, orain gutxi museoak dohaitzan jaso duen «Herriaren gobernua eskultura lanerako maketa» obra, Jacques Lipchitzena.
Argitalpena
Erakusketa paratzearekin batera, «Colección del Museo Guggenheim Bilbao» liburu mardula argitaratu dute, bi eletan: gazteleraz eta ingelesez. Bertan, nazioarteko 40 kritikari eta adituk bilduma osatzen duten lanen eta artisten inguruko gogoetak azaltzen dituzte, 62 saiakeraren bitartez.