GARA > Idatzia > Ekonomia

Sarkozyk irailerako indarrean nahi du erretiroa atzeratuko duen erreforma

Sarkozyk irailerako indarrean izan nahi du pentsio sistemaren erreforma. Apirilaren hasieran, eskualdeko hauteskundeen ostean, patronalarekin eta sindikatuekin eseri eta elkarrizketa zabaltzeko asmoa duela azaldu du, eta beharrezkoa bada abuzturaino luzatzeko prest dagoela esan du. Buruan daukanaren xehetasunik eman ez badu ere, jubilatzeko adina atzeratzera eta kotizazio epea luzatzera joko duela uste da.

p023_f01_148x116.jpg

GARA |

Nicolas Sarkozy Estatu frantseseko presidenteak apirilaren hasieran abiaraziko du sindikatuekin eta patronalarekin pentsioen erreformari begirako elkarrizketa, atzo iragarritakoaren arabera. Elkarrizketa hori martxoko eskualdeko hauteskundeen ostean jarriko du martxan, eta irailera arte luzatuko dela aurreratu zuen. «Hitz egiteko beharrezkoa den denbora» emango duela esan zuen.

Atzo, patronalaren eta sindikatuen ordezkariekin batzartu ostean, Sarkozyk ez zuen aldaketek izango duten norabidea aurreratu nahi izan, antolatu litezkeen mobilizazioak indargabetu nahian. Erreforma «hitzartzeko» duen «borondatea» nabarmendu zuen, baita lege proiektua udazkenean tramitatzeko asmoa duela ere.

«Gure pentsioen sistema salbatu nahi badugu, ezin ditugu erabakiak atzeratu», esan eta erreforma «interes orokorreko kontua» dela gaineratu zuen. Unea heltzean, erantzukizunak bere gain hartuko dituela ere esan zuen presidente frantsesak.

Sistemak pilatu duen defizita 30.000 milioi eurokoa dela gogorarazi zuen Nicolas Sarkozyk, eta kotizatzen dutenen eta erretiratuen artean gero eta desoreka handiagoa dagoela nabarmendu zuen, herritarren zahartzearekin larritzen ari den desoreka, haren esanetan.

Haren Gobernuko kide batzuk erretiro adina atzeratzeko beharraz mintzatu dira dagoeneko. 1983tik, erretiratzeko adina 60 urtetan finkatzen du Estatu frantseseko legeak. Atzeratzearen ideia ia gerra deklarazioa da sindikatuentzat.

Aztertzen ari diren beste aukera bat pentsioa osorik kobratzeko kotizatu beharreko epea luzatzea da. 2003ko azken erreforman, 41 urtera arte luzatzea erabaki zuten, eta 42 artekoa izango da urte batzuren bueltan.

Eszeptizismoa nagusi

Sindikatuetako ordezkariek eszeptizismoz jaso zuten erreformaren iragarpena, eta zapuztuta ere azaldu ziren xehetasunik lortu ez zutelako.

Gainera, langabeziaren arazoarekin kezkatuta agertu ziren, lanpostuak murrizten duten gero eta enpresa gehiago dagoelako eta langabezia-saria kobratzeko eskubidea agortu duten langabeen kopuruak ere goranzko joera etengabea duelako.

Bernard Thibault CGTko (Lan Konfederazio Orokorra) idazkari nagusiak «proposamen zehatzik» ez dagoela kritikatu zuen. «Bileratik irtetean sartzean baino hobeto ulertu gaituzten zantzurik» ez duela esan zuen Thibaultek. Jacques Voisin CFTCko (Langile Kristauen Konfederazio Frantsesa) ordezkari nagusiak adierazi zuenez, batzarrera Exekutiboaren planak ezagutzeko «nolabaiteko jangurarekin sartu eta gosetuta geratu izanaren inpresioa daukat».

Patronalaren ustez, bestalde, ezinbestekoa da erretiro adina atzeratzea -egun 60 urtetan-, bizi itxaropena luzeagoa dela kontuan izanik. Estatu frantseseko patronaleko MEDEF erakundeko Laurence Parisot presidentea, bestalde, François Fillon lehen ministroak iradokitako kotizazio igoeraren kontra azaldu zen, horrek enpresen lehiakortasuna kaltetuko lukeelako eta praktikan soldata netoak murriztuko lituzkeelako.

Gaur egungo pentsioen sistema publikoa -banaketaren araberakoa- kapitalizazio sistema batekin osatzea nahi du patronal frantsesak.

Sarkozyk, bestalde, apirilerako utzi du langabezia-saria agortu duten langabeen arazoa ere. Egindako kalkuluen arabera, 400.000 lagun egongo lirateke egoera horretan. Presidente frantsesak ez duela «inor botata utziko» esan zuen, herritar talde hori hizpide zuela, eta «ordaindutako prestakuntza» bultzatzearen alde azaldu zen, «lanaren bidez gizarteratzen» delako jendea.

LABen iritziz, «aberastasunaren banaketa da benetako arazoa»

«Arazoaren mamia ez da aberastasuna sortzea, sortutakoaren banaketa gero eta bidegabeagoa dela baizik. Arazoa, beraz, politikoa da», adierazi du LABek Estatu frantsesean aztertzen ari diren erretiroari buruzko lege-proiektuaren harira. Sindikatuaren iritziz, «jubilazio sistemaren oreka erdiestea posible da, besteak beste, kotizazioak lan-etekin guzti-guztiei eta enpresen sarrera finantzarioei aplikatzen bazaizkie». Are, kotizazio sozialetan eta etekinen banaketan enpresei onartzen zaizkien abantailak eta salbuespenak desagerraraziko balira, erretreta sistema bermatua litzateke.

Gakoa, ordea, «ugazaben jarreran» datza, LABen aburuz, «zama horiek lehiakortasuna arriskuan jartzen duela esanda, kotizazioen igoera errefusatzen baitute». Horrela, oraingoan ere MEDEF ugazaben sindikatua Sarkozyren «aliatu paregabea» izango dela uste du: «Erreformarekin, diru publikoa jubilazio-maila garaienak laguntzera bideratuko den bitartean, besteei beren pentsioek beherantz egingo dutela iragartzen zaie, lan gehiago egiteko edota dirua aurrezteko inolako aukerarik ez dutenean».

LABek «desberdintasunak eta behin-behinekotasuna areagotuko duen estrategia» dela salatuta, banaketan oinarritutako sistemaren alde egingo duela adierazi du: «Funtsezkoa da belaunaldien arteko elkartasunean oinarritutako sistema mantentzea. Jubilazioarena gizartearen muin-muineko afera da; gai politiko eta soziala da eta ez gai demografiko edota ekonomikoa». «Jubilazio zuzenena errebindikatzetik harago, egiazko zahartzaro asegurantza unibertsala bermatzea da erronka». A. MANTEROLA

erretiroa atzeratu

Sarkozyk xehetasunik eman ez bazuen ere, bere gobernu taldeko zenbait kidek erretiratzeko adina luzatzeko aukera aipatu dute. Aztertzen ari diren aukeren artean, pisu handia dauka, era berean, kotizazio epea luzatzeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo