Malvinei buruzko ebazpenak betetzeko eskatu dio Fernandezek Londresi
Argentinako presidente Cristina Fernandezek NBEk Malvinen inguruan onartu dituen ebazpenak errespeta ditzan eskatu zion atzo Britainia Handiari. Jaramonik ez diela egiten salatu ondoren, uharteen subiranotasunari buruz hitz egiteko garaia dela nabarmendu zuen.
GARA |
Cristina Fernandez presidente argentinarrak Britainia Handiak Nazio Batuen Erakundeak Malvina uharteen inguruan onartu dituen ebazpenak ez dituela errespetatzen salatu zuen atzo. Jaramonik ez egiteaz gain, Londresek erabakiak bere kabuz hartzen dituela nabarmendu zuen. Desire Petroleum enpresa britainiarra laster ur azpian petrolioa dagoen ikertzeko lanetan hastekoa dela aipatu zuen adibide gisa.
«NBEren arabera, Malvinen subiranotasunaren gainean akordio bat lortzearren elkarrizketak berriro hasi beharko genituzke. Subiranotasunaren eztabaida konpontzen ez dugun bitartean, alde bakarreko ekintzak debekatzen ditu. Baina, Britainia Handiak ez ditu ebazpen horiek inoiz aintzat hartu. Ez du gurekin mahai baten inguruan eseri nahi, hain zuzen ere Nazio Batuen Erakundearen aginduak betez», salatu zuen Fernandezek.
«Nazioarteko zuzenbideaz ari naiz. Indarrarekin, gerrarekin eta inposizioarekin zerikusirik ez duen mundu batean bizitzeko aukeraz ari naiz. Batzuetan, herrialde ahulenei bakarrik exijitzen zaie NBEren ebazpenak betetzea. Munduko herrialde guztiek betebehar berak izan behar lituzkete», gaineratu zuen.
Testuinguru horretan, atzotik Argentina eta Malvinak banatzen dituen uretan nabigatu nahi duten itsasontziek Argentinako Gobernuaren baimen berezia izan beharko dute.
Malvinetarantz nahiz Hegoaldeko Sandwich Uharteetara doazen ontziek «Argentinako urak» zeharkatu nahi badituzte edo portu horietan zama hartu nahi badute, baimena eskatu beharko dute. «Malvinetan egon daitezkeen baliabide naturalak eta subiranotasuna bermatu nahi dugu», esan zuen Gobernuko buru Anibal Fernandezek.
Argentinako Gobernuak hartu duen neurria dela eta, legebiltzarkide britainiar batek enbaxadore argentinarrarekin biltzea eskatu dio Atzerri Ministerioari.