GARA > Idatzia > Ekonomia

Sostengu adierazpenez inguratuta epaituko dute Laborantza Ganbera

Aurreko epaiketan gertatu moduan, gaur Pauen egingo denaren harira, aparteko sostengua bildu du Euskal Herriko Laborantza Ganberak. Gizarte mugimendu, alderdi, sindikatu, hautetsi eta hautagai, eta norbanako ezagunek elkartasuna adierazi diote laborarien elkarteari. Horietako asko, 13.00tik goiti, auzitegian izango dira. Ipar Euskal Herritik autobusetan iritsiko dira beste asko, guztiak helburu berarekin: EHLGren kontrako «jazarpena» geldiaraztea.

p023_199x116.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Orain urtebete pasatxo lehen epaiketa burutu zenean bezala, Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) eta bere lehendakari Mixel Berhokoirigoinek, elkartasun adierazpen ugari jaso dituzte. Gaur arratsaldean, Paueko Auzitegian egingo den dei-auziaren harira.

Esparru politiko, sindikal eta sozialetik jasotako sostenguak ondo baino hobeto erakusten du laborarien elkartearen kontrako epaiketa benetako «eraso juridiko-politikotzat» hartzen dela Ipar Euskal Herrian, baita harago ere.

Hitz gogorrago edo leunagoekin, kolore politiko ia guztietako alderdi eta mugimenduek salatu edo deitoratu dute epaiketa. Hala, AB, Batasuna, Aralar, EHA, NPA, Segi, eta datozen hauteskundeetan aurkeztuko diren hainbat hautagaitzak (EHBai, Europe Ecologie Aquitaine...) edo hautagaiak «onartezintzat» jo dute «Estatuaren jazarpen politikoa».

Ildo beretik, ingurumenean, kulturan, irakaskuntzan edota laborantzan diharduten zenbait elkarte eta herri erakundeek (Bizi!, CADE, Hendaiako ACE, Milafrangako `Cadre de vie', Arrapitz federazioa, Euskal Haziak, Euskal Konfederazioa...) epaiketa hau «elkartze eskubidearen kontra» doala nabarmendu dute. Are, askok «zuzenean inplikatuta» sentitzen direla gaineratu dute, EHLGren helburuen, hots, Ipar Euskal Herriari egokitutako beste laborantza eredua egikaritzearen alde baitaude.

«Prefetak ez du geldituko»

Sindikatuen aldetik, LABek «bestelako gizartea aldarrikatzen» duen heinean, «bestelako laborantza ere aldarrikatzen» duela gogoratuta, dei egin die bere afiliatuei epaiketara joateko. ELB baserritarren sindikatuak, berriz, «zentzugabeko eraso hauek gelditzeko» eskatu du eta «euskal laborarien eta jendartearen gehiengoaren nahikeria ez duela prefeta batek oztopatuko» adierazi du.

Euskal Herritik kanpo ere atxikimendu esanguratsuak iritsi dira egunotan EHLGra. Horrela, bost urteotan jasaten ari den «jazarpena» bertan behera uzteko eta «elkartze askatasuna errespetatzeko» eskatuz, adierazpen bateratua sinatu dute bi eurodiputatuk -Eva Joly eta Corinne Lepage-, Giza-eskubideen Ligako presidente Jean-Pierre Duboisek, Frantziako Abokatuen sindikatuko Jean-Louis Boriek, Stephane Hesselek, Giza-Eskubideen Aldarrikapenaren idazleetako bat denak, eta France et Libertés Fundazioko buru Danielle Mitterrandek.

Philippe Martinek, Gers eta Landetan prefeta izandako eta egun Gers departamenduko diputatu sozialista denak ere sostengua adierazi die elkarteari eta Berhokoirigoini.

Adierazpen hauek guztiak eta azken egunetan egindako mobilizazioetan izandako parte-hartze handia ikusita, gaur, Pauen jende andana bilduko dela uste dute EHLGko kide eta lagunek.

Epaiketa aitzin, 13.00etan, auzitegiaren aurrean elkarretaratzera deitu dute. Aretora sartu ezin dutenentzat, handik hurbil dagoen udal-azokan auziaren jarraipena egingo da.

Ganbera ofiziala ez, baina laborari ugari izango da Pauen

2009ko urtarrilaren 29an Baionan egindako epaiketan, Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganbera «akusazio partikular» gisa aurkeztu zen. Orduan EHLG eta bere lehendakaria errugabetzat jo zituzten. Alta, prokuradore orokorrak soilik tartekatu zuen deliberoaren kontrako helegitea, eta horrenbestez, oraingoan, Laborantza Ganbera ofiziala ez da izango akusatzaile.

«Ez dugu ez denborarik, ez dirurik horrelako kontuetan xahutzeko. Ordena publikoa atxikitzea Estatuaren egitekoa da», adierazi du Jean-Mixel Anxolabehere Paueko Ganberako presidenteak, egun laborariek jasaten duten krisi larriaren aurrean, «egoera hauek nekazariak bildu baino, zatitu» egiten dituztela nabarmenduta.

EHLGko lagunen iritziz, ordea, lehen epaiketan akusatzaile izateak, «protesta ugari eragin zituen batez ere, FDSEA sindikatuaren barnean, laborari askok ez baitzuten jokaera hori egokitzat hartu». Hori litzateke, beraz, helegitea ez jartzeko arrazoia.

Haien ustez, «bitxia da, halere, justu gaurko, han-hemenka, Paueko Ganberak hainbat ekimen (bilkurak, prestakuntza saioak...) antolatu izana». Horren atzean, laborariak epaiketara ez joateko saiakera ikusi dute EHLGkoek. Autobusetan izena eman dutenen arabera, aldiz, 500 bat espero dituzte.

Zenbait ordezkari politiko eta sindikalek ere ziurtatu dute han izango direla, horien artean, Adolfo Muñoz (ELA), Xabi Larralde eta Peio Etxeberri-Aintxart (EHBai), Olivier Dartigolles (PC), Christinne Bessonart (Forces Aquitaineko hautagaia), Pierre Chéret (PS), David Grosclaude eta Jean Lissar (Europe Ecologie) eta Paco Arizmendi (Euskadi Europan). A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo