GARA > Idatzia > Kultura

Ethiopiques jaialdiak artea ekarriko du Baionako karriketara bigarren urtez

Idoia ERASO | BAIONA

Martxoaren 1etik 6ra Baionako karrika, denda, antzoki, liburutegi eta etxeetan eginen den Ethiopiques jaialdiak kultura biztanleengana hurbilduko du eguneroko toki eta eginbeharretan. Bigarren edizio honekin joan den urtean sortu zuen dinamika garatu nahi du Beñat Achiary sortzaileak.

Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etchegoinek Ethiopiquesen alde hiritarra nabarmendu zuen: «Garrantzitsuena kultura jendeagandik hurbil ematen duela da. Okindegi batean hasi, karriketan edo antzokietan segitu eta apartamenduetan bukatzeko».

Jaialdiaren beraren arima eta ibilbidea azaltzen dute Etchegoinen hitzek, eta aldi berean eguneroko egitaraua ere agerian uzten du. Izan ere, goizero, eguna hasteko Baionako auzo bateko okindegietan «Ogi sorginduak» ekimena eginen da. Hiriko txokoak arte adierazpen ezberdinen bitartez deskubritu ondoren, eguna jendearen etxeetan egindako kontzertuekin amaituko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo