Jexux Arrizabalaga Batzen-en izenean
Hizkuntza gutxituen inguruko bilera Donostian
Euskaldunon komunitatean denok dakigu euskararen inguruan existitzen den GKErik esanguratsuena eta garrantzitsuena Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua dela. Eta egin nahi duten bilkura horretan presente egon beharko lukeHizkuntz aniztasuna sustatzen duen europar sareko zuzendaritza batzordeak Donostian, otsailaren 18 eta 19an, hau da, ostegunean eta ostiralean bilkura egingo du.
Bertan parte hartuko dutenak irlandarrak, suediarrak, norvegiarrak, lituaniarrak, galiziarrak, katalanak, euskaldunak eta abar izango dira. Ikusten duzuen bezala, bai estatu hizkuntza direnak, bai estaturik gabeak, beti ere, Europa barruan hizkuntza gutxituak direnak izango dira.
Erakunde hau estatuetako ordezkariez gain, gobernu autonomoetako ordezkariez, hizkuntzaren plangintzan diharduten erakundeez eta GKEz (gobernuz kanpoko erakundeak) osatua omen dago. Hizkuntza Politikako sailburuorde Ramon Etxezarretak dioenez, erakunde horrek Europako Parlamentuak, EBko ministroen kontseiluek edo Europar Batzordeak eleaniztasunari buruz har ditzaketen erabakietan lobby bat sortzea omen du helburu. Sare horrek txandakatzen ditu bere bilkura lekuak, eta orain Donostiari egokitzen zaio.
Ematen du bilera hau ere, aspaldi honetan egiten ari diren beste batzuk bezala, 2016 Europako Kultur Hiriburu egitasmoarekin lotu nahi dutela. Aurrez jarrita dauden egitasmo bateratuen jarraipena egiteko asmoa omen dute. HABEk egin duen lanaren berri emango omen du, eta horrekin batera sare sozialei buruz egindako ikerketaren berri ere bai.
Ez dakit zertan dabiltzan. Alde batetik, orain arte egindako gutxi hori desegin nahian ikusten ditugu, garbi ikusten ari garen bezala ereduen istorio horrekin, eta zer esanik ez funtzionarioen hizkuntz eskakizunekin eta berorien derrigortasunarekin.
Bestalde, 2016 Donostia Europako hiriburu kulturala bultzatu nahian dabiltza kea salduz eta dirua xahutuz. Duela gutxi burututako industria, garapena eta berrikuntza foroan bezala euskara erabat bazterrean utzita.
Euskalgintzan Donostiak Europako hiri kulturala izateko baldintza guztiak betetzen dituela uste dugunok bagaude. Eta aspalditik ari gara 2016 egitasmoari jarraipena egiten, modu positiboan kritika egiten, argi eta garbi Donostia euskaldun baten alde.
Une egokia da Europako herri gutxituen artean harremanak izateko modu iraunkor eta eraginkorrean. Harreman horiek sendotzearen alde gaude. Hain zuzen, horrexegatik ez zaigu, inondik inora, ondo iruditzen bilera hori itxia izatea eta aldi berean GKEkoek ere parte hartzen dutela esatea. Euskaldunon komunitatean denok dakigu euskararen inguruan existitzen den GKErik esanguratsuena eta garrantzitsuena Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua dela. Eta egin nahi duten bilkura horretan presente egon beharko luke. Udal Aholku Batzordean parte hartzen dugunok ere ez dugu honen berririk izan.
Orain artekoa ikusita, susmo onik ez diogu hartzen jardun horri. Egun, boterea dutenak ez dira euskararen alde ari, ez dira ari Donostiak izan dituen eta dituen ezaugarri maiteenak bultzatzen. Guk, behintzat, ez dugu zentzu horretan eta arazoak konpontzera bideratutako ezer ikusten.
Egingo den bilera horretan presente egon beharko lukete euskararen alde lanean ari diren erakundeak etorkizunari begira eta normalizazioaren alde pausoak ematen joateko. Horrela ez bada, beste iruzur baten aurrean geundeke, gauzak bere horretan mantendu nahi dituztenekin ezingo baita ezer probetxuzkorik egin.
Beraz, itxurakeriatan gelditu nahi ez bada, ireki bitzate ateak euskararen alde dihardutenek aukera izan dezaten parte hartzeko, beren asmoak besteen asmoekin erkatzeko eta elkarrekin aurrerapausoak ematen joateko.