Dorleta URRETABIZKAIA I Aktorea eta idazlea
«Artillero dale fuego!»
Dorleta URRETABIZKAIA
Aktorea eta idazlea
Teoria desberdinak daude inauterien jatorriari buruz. Batzuek, Saturnalia eta Lupercalia erromatar jaiekin lotzen dituzte, beste batzuek udaberriaren jaiotzarekin. Izan ere, inauteri garaian, iratxoak eta espiritu txarrak uxatzeko eta lurra neguko lozorrotik esnatzeko, zarata handia egiten zen, jai honek lurraren ereitearekin lotura estua izanik. Olaztin, adibidez, simaurra botatzen dute gurdi batetik, Altsasun momotxorroek goldea erabiltzen dute lurra esnatzeko eta Iturenen eta Zubietan, berriz, joaldunek euren zaratarekin lurra esnatzen dute. Geroago, kristautasunak festa hau bere egin eta mugatu egin zuen: Aste Santua baino 40 egun lehenago hasi behar zuen eta haragia uzteko debekua hasten zen egunean bukatu. Dena delako jatorria izanda ere, egun, Tolosako inauteriak aipamen berezia merezi du, izan ere, sekulako festa izaten baita bertan eta, frankismo garaian debekatua izan arren, Tolosakoa izan zen aurrera egin zuen gutxietarikoa, zaharrenetakoa izanik, beraz.
Baina utz ditzadan inauteriak, pasteleroa orpo zikinaren alabarekin ezkondu eta sardina guztiak sutan erreak izan baitira dagoeneko, eta noan dantzarekin, Bilboko IX. Dantzaldiak geurean dirau-eta oraindik. Biharko egunean, Käfig eta Compahia Urbana de Dança taldearen eskutik «Correria» ikustea izango baitugu Euskalduna Jauregian. Dantza ikuskizun honetan, geure eguneroko bizitzan bizi dugun denboraren aurkako gerraz mintzatuko zaizkigu, dena azkar egin beharreko mundu ero honetaz. Eta antzerkiari dagokionez, Eibarko jardunaldien barruan Glu-Glu taldearen «Anbotoko Mari eta orrazi galdua» ikusi ahal izango dute bihar etxeko txikienek. Bertan, urrezko orrazia galdu eta kobazulora itzultzerik ez duen Anbotoko Mari ezagutuko baitu Odeik, bide batez, mundu magiko eta zirraragarri bat ezagutuz. Eta helduek ere izango dute Eibarren isiltasunean murgilduriko ikuskizun eder batez gozatzeko aukerak, izan ere, igandean, Poloniatik datorren Ireneusz Krosny mimoaren «Krosny» ikuskizuna izango baitugu.
Eta Donostiako txikienek ere, Markeliñe taldeak Jose Saramago-ren ipuinean oinarrituriko «Uharte ezezagunaren istorioa» ikusi ahalko dute bihar Gazteszenan. Eta ez hori bakarrik, helduek ere izango dute biharko egunean Cuarta Pared taldeak Lugaritzen eskainiko duen «Siempre fiesta» lanaz gozatzea ere. Joan den urtean estreinaturiko lan honetan, betiko zoriontasuna desio duen familia bat aurkeztuko digute, ez dago esan beharrik itxurakeria honen azpian, egungo gizartearen fabula sozial gordina ezkutatzen dela. Eta igandean, Madrileko haur eta gazteen Teatralia jaialdia amaitzearekin batera, Cadizen ospatzen den neska-mutilei zuzenduriko XIX. Feten feriari hasiera emango zaio. Badugu, beraz, antzerkiaz gozatzeko aukera oparoa.
Haurrak zahar eta zaharrak haur bilakatzen omen dira eta ideia honen inguruan datozkigu Els Joglars taldekoak. Izan ere, 1961. urtean hasiriko talde honek, laster ospatuko ditu bere urrezko ezteiak eta horren ingurukoa da euren «2036 Omena-G». Bertan, taldeko kide guztiak hemendik 25 urtera ikusi ahal izango ditugu geriatriko batean taka-taka eta guzti, «artillero dale fuego!» oihukatuz, oraindik ere antzerkia egiten.