GARA > Idatzia > Kultura

Erosten ditugun arropen atzean zer dagoen erakutsiko du Pikorrek

Bihar estreinatuko da «XL Town» antzezlanaren euskarazko bertsioa; bertan Pikor Teatrok eta Setemek kontsumismoari buruzko parodia eskaintzen dute. Umoreaz baliatuta, ehungintza industriaren eta moda sektorearen inguruko errealitate dosi bat ekarriko dute oholtzara.

p047_f01_97x136.jpg

I. A. | GASTEIZ

«Mendebaldeko hiritarron kontsumo ohitura konpultsibo eta irreflexiboak eta moda eta kirol marka handien praktika depredatzaileak agerian» uzteko tresna bilakatu da antzerkia. Helburu horretan, Pikor Teatro taldeak eta Setemek euren ahaleginak batu dituzte. Elena Bezanillak eta Javier Parrak zuzendutako lan honetan Pikorreko antzezleek parte hartzen dute Jokin Oregiren testu bat taularatuz. «Obra dinamikoa da, erritmoa duena, umore klabean eta mezu zirikatzaile batekin» eginda azaldu dute taldeko arduradunek.

Kontsumismoaren erantzukizuna da gaia eta hori jorratzeko lau istoriotan banatua dago antzezlana. Lau errealitateren aurrean jarriko da, hortaz, ikuslea. Markako kirol oinetakoak egiten dituen lantegia, enpresen produkzio deslokalizatua zuzentzen duten exekutiboak, kontsumitzaileen erasoak eta publizitate kanpainen zentzugabekeriak agerian geratuko dira taula gainean.

Lan honen izenburuak ere antzokian ikusi ahalko denaren bidea erakusten du. Ehunka lantegi bildu ohi dituzten zonaldeak ekarri nahi ditu gogora «XL Town» izenak. «Egunero milaka langile joaten diren hiri handi modukoak dira».

Bi helburu bat eginda

Alde batetik, mota honetako antzezlan batek Pikor Teatrok egin ohi dituen lanen barruan oso era egokian kokatzen da. 1991n sortu zenetik, «kalea kritika sozialerako espazio gisa eta kale ikuskizuna antzerkia sustatzeko lanabes gisa» ikusi zituen. Aretoko ikuskizunekin eta gazteei zuzendutako ikuskizunekin euren lana zabaldu zuten arren, kritika eta salaketa soziala mantendu egin dute haien ibilbidean.

Setemek, bestalde, arropak bidegabekerietatik garbitzeko kanpaina baten barruan bultzatu du antzezlan hau. Estatu mailako kanpaina orain dela 13 urte jaio zen eta egun 14 herrialdetara iritsi da. Haien kritikak gogoratzen du «egungo eredu neoliberalak multinazionalek praktika arpilatzaileak erabil ditzaten ahalbidetzen» duela. Hori dela eta, «XL Town»ek lantegietako gehiegikeriak islatzen ditu, baina «era berean kritika zorrotza egiten dio herrialde garatuetako kontsumo gizarteari».

Orain dela aste batzuk gaztelaniaz estreinatu bazuten ere, bihar euskaraz ikusteko aukera izango da Gasteizen. Arriaga Gizarte Etxeko antzokian izango dira emanaldiak: lehena, bihar, arratsaldeko zazpietan. Hurrengoa, astelehenean, 10.30ean ikusteko aukera izango da. Hurrengo larunbatean Muskizen izango dira, baina gaztelaniaz taularatuko dute.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo