GARA > Idatzia > Ekonomia

Jon Perez langile gaztearen heriotza salatzeko mobilizazioa egin dute

GARA |

Iragan astelehenean Ugaoko auzokide Jon Perez Garcia hil zen Laudioko Tubacex enpresan izandako lan istripu batean. Hurrengo egunean, bere lankideek 24 orduko lanuztea eta mobilizazio jendetsua egin zuten Laudioko kaleetan, eta, atzo, LAB sindikatuak deituta, elkarretaratzea egin zuten Ugaoko herriko plazan, herrikidearen heriotza salatzeko.

Dozenaka lagunek hartu zuten parte sindikatu abertzaleak deitutako mobilizazioan. 24 urteko Jon Perezek bi urte eta erdi inguru zeramatzan Tubacex enpresan lanean, eta istripua astelehen eguerdian gertatu zen, hodi handi batek buruan jo zuenean.

Egun horretan bertan, sindikatuek salatu zuten hodia gaizki pilatuta zegoela, eta enpresa horretan lan erritmoa izugarri handia, «gehiegizkoa», dela.

Hamaika hildako jada aurten

Dagoeneko hamaika lagun hil dira Euskal Herrian lan istripuetan urtea hasi zenetik, eta astebeteko epean hiru langile zendu dira beren lantokietan. Iaz, 84 langile hil ziren lan istripuetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo