GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Nafarroako beste lau herri eremu mistoan, baina euskararen oztopo nagusia indarrean

Gaztelania arriskuan dagoela dioen diskurtsoa alarmak jotzen saiatzen den honetan, Nafarroako Parlamentuan lingua navarrorum delakoa Nafarroako zein eremutan izan daitekeen koofiziala, zeinetan erdi ofiziala eta non babes publikorik ere ez duen merezi eztabaidatzen ari dira. Atzo Parlamentuak Euskararen Legea aldatu eta eremu mistoa beste lau herritara zabaltzea erabaki zuen. Aranguren, Beraskoain, Galar eta Noaingo udalbatzek eremu mistoan sartzea erabakitzen badute, euskarazko eredua hezkuntza sare publikoan izango dute, besteak beste.

Ona da lau herriri, eta berdin herritar bakar bati besterik izango ez balitz ere, hizkuntz eskubide batzuk gehiago aitortzea. Baina ez da ahaztu behar nafarren hizkuntz eskubideak bereizten dituen legeak indarrean jarraitzen duela, eta atzo Parlamentuak onartu zuen aldaketatxoak ez du zalantzan jartzen berez kaltegarria den lege hori. Kaltegarria, herrialdeko hizkuntza babestu eta sustatu beharrean, haren garapena oztopatzea eta hedapena murriztea baitu helburu. Horiek horrela, Nafarroan euskara defendatzea eta Euskararen Legea defendatzea ez dira bateragarriak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo